Rockomikiak binetak & doinuak; 1000 bisita astebetean

2015-03-16 / oihaneder

Rockomikiak binetak & doinuak erakusketak mila pertsonen bisita jaso du astebetean, zenbaki benetan polita Oihaneder Euskararen Etxeak antolatutako lehen erakusketak emandakoa.

Erakusketa giro ederrean inauguratu zen pasa den martxoaren 7an. Erakusketaren ateak maiatzaren 3ra bitartean egongo dira zabalik.

Erakusketari hitzaldiak, tailerrak, bisita-gidatuak eta askotariko ikuskizunak gehitu zaizkio, egitarau oso eta erakargarria eskainiz.

Rockomikiak_ekintzakRockomikiak_eskuorria

Hona hemen hirineteko lagunek erakusketaren inguruan egindako bideoa

80. eta 90. hamarkadan musikaren, hitzen eta irudien bitartez sortutako kultura erakustera dator Rockomikiak binetak & doinuak. Orain arte Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean ikusgai egon den erakusketan oinarrituta, zuri-beltzeko fanzineei koloretako komiki-aldizkariak gehitu zaizkio. Iñaki Lazkano, Oihaneder Euskararen Etxeko kideak azaldu bezala “ingurukoak konplize egin eta musikaren eta komikien berezko bizileku ziren taberna eta espazioak ekarri dira erakusketara. Elkarlana sustatu da eragile izan zirenekin eta egun horrelakoetan dabiltzanekin”. Besteak beste, erakusketak TMEO, Sancho el Sabio Fundazioa,  Hala Bedi irratia eta The Arlotes ditu bidelagun.
“Ez da garaiko materialen erakusketa ortodoxoa, bisitariaren parte-hartzea bilatzen da: horretarako irakurtzeko eta fanzineak sortzeko espazioak daude” azaldu du Iñaki Larrimbek, erakusketaren diseinuaren muntaiaren arduradunak. Publikoak, gainera, bere ekarpena egin dezake erakusketarekin harremana duten irudiak horman margotuz.

Donostiatik ekarritako 9 panelek, erakusketaren esentzia islatzen duten marrazki eta musika erreferentzia ematen dute; biak ala biak diziplina elkarlotuak. “80. eta 90. hamarkadetako ondare oparoaren 9 collage: nazioartetik gurera, euskal musika talde zenbaiten eta komikilarien arteko lankidetza eta konplizitatea, elkarrekiko inspirazio-iturriak, TMEO, Napartheid, Euskal Herriko underground-ak kanpoan izan duen islada, gaur egunera arteko segida…” azaltzen du Gorka Lazkanok bisita gidatuetan. Disko-azalen erakusketak euskarazko komiki eta rockari buruzko proiekzioa egiten du eta bitrinetan, garai hartako komiki, fanzine, disko, kasete eta bestelako materialak daude ikusgai.
Sancho el Sabio Fundazioaren artxiboko zenbait afitxa ikusteko aukera ere badago, baita bideoklipen proiekzioaz gozatzeko ere. Hala Bedi irratiaren gunean kontzertuen afitxak, irratia eta txosna daude. Horren ondoan, The Arlotes komiki bizidunen kapituluak ikusteko txokoa. Jarraian, TMEO aldizkariaren gunera iritsiko gara: ale historikoen bilduma bat eta pertsonaiak ikusi ahal izango ditugu. Komikien gunean, Napartheid eta TMEO aleak lasai ikusteko, irakurtzeko nahiz fotokopiatzeko aukera dago.

Erakusketaren inguruan antolatutakoei dagokienez, martxoaren 25ean Garbiñe Ubeda eta Yurre Ugarte Eta emakumeak non zeuden? galderari erantzuten saiatuko dira eta 27an  Bingen Mendizabal eta Mikel Valverdek musika eta marrazkia zuzenean  uztartuko dituzte.  Apirilaren 15ean Harkaitz Canok  musika euskal literaturan eta komikigintzan  izango ditu hizketagai. Erakusketaren komisarioak diren Koldo Almandoz eta David Zapirainek martxoaren 18an eskainiko dute  bisita gidatua.

Martxoaren 10etik apirilaren 1era bitartean, bisita gidatuak egingo dira, ikastetxe eta euskaltegiko ikasleei zuzenduak bereziki, goizeko ordutegian.

Honekin batera, askotariko doako tailerrak antolatu dira.  Zehazki martxoaren 16an publiko orokorrari zuzendutako wikipedia tailerrarekin hasiko da. DBH eta Batxillergoko ikasleei zuzenduta,  apirilean bideoklip eta marrazki bizidunen tailerrak egingo dira.

Tailerretan parte hartzeko eta ikastetxeetako eta eukaltegietako bisitak egin ahal izateko izena eman behar da oihaneder@oihanedereuskararenetxea.eus helbidean, izen-abizenak, jaiotze-data, harremanetarako helbide elektronikoa eta telefonoa, eta ikastetxe-euskategien kasuan, ikastetxearen-euskaltegiaren izena, ikasle kopurua eta bisita / tailerra  egin nahi den eguna eta ordutegia zehaztuz.

*Ordutegia: asteartetik igandera: 11:00-14:00 / 18:00-21:00 (Igande arratsaldetan eta astelehenetan itxita)

Egitarau osoa agendan.