Oporklik! argazki-hizki lehiaketaren lan irabazleak azaroaren 14ra arte ikusgai egongo dira Oihanederren. Udan zehar egindako bidaiak zein bizitako esperientziak argazkien eta hitzen bidez kontatzea izan du oinarri lehiaketak eta aurten lehen aldiz antolatu da Oihaneder Euskararen Etxearen, Alearen eta Gauekoaken arteko elkarlanean.
Gainera, erakusketa ikustera hurbiltzen diren lagunek zozketa batean parte hartzeko aukera izango dute. Zozketaren irabazleak sari eder bat eramango du: La Leze kobazuloko jaitsiera bi lagunentzat (Inguru Abenturak gidatuta) eta lau lagunentzako bisita eta ardo dastaketa Candido Besa upategian.
Urriaren 27an izan zen erakusketaren inaugurazioa. Bertan, lehiaketaren zazpi irabazleek sariak jaso eta haien lanak aurkezteko aukera izan zuten. Argazki sarituak ikusgai izango dira Oihaneder Euskararen Etxea – Montehermoso Kulturuneko Jovellanos aretoan. Argazki irabazleez gain, gainerako lanak ere ikusi ahal izango dira pantaila digitaletan.
Honakoak dira jasotako lan guztien artean epaimahaiak aukeratutako irabazleak:
Hiru lan testuz lagundutako argazki sortetan banatu dira:
- Egia ezkutuak, Estibaliz Aguirre Lopez de Munain
- Hirian, Pero Lope
- Bidea egiten, Iñaki Sanchez Ciarrusta
Gainerako lauak argazki bakarreko kategorietan:
- Udan ere hemengoa balioetsi, Maria Furundarena
- Isladen edertasun ezkutua, Iñaki Diez Ozaeta
- Saskiaren begirada, Mitxel Elortza
- Unikornioa, Jitka Raskova