Olentzeroren munduko abenturen erakusleihoa

2015-12-21 / oihaneder

eskuorria-A_olentzero munduan_webOlentzero Munduan- Arraun The World erakusketak Olentzeroren bilobak munduko leku desberdinetan opariak eta mezuak banatzen egindako bidaiak jasotzen ditu. Abenduaren 21ean inauguratu zen alde zaharreko Gasteiz ikastetxeko umeen bisitarekin. Hauek mezuak eta opariak eman zizkioten Olentzeroren bilobari kanpoan bizi diren senitarteko eta lagunei bana diezaien. Urtarrilaren 7ra bitartean egongo da ikusgai ur biltegira bideko arrapalan eta atrioan.

Olentzero zaharra bere baserrian gustura dagoenez eta Euskal Herrian jada lan handia duenez bere bilobak, Iñigo Iraultzak, hartu du munduan zehar opariak banatzearen ardura. Euskal Herriko umeen opari eta mezuak jaso eta munduko beste herrialde batzuetan banatzen ditu.

Euskarri ezberdinak erabiliz Iruk azken urteetan egindako bidaien berri ematen du. Lehen bidaian Euskal Herria eta Afrika lotu zituen. Bigarrenean hiru hilabetez ametsak eta ilusioa banatzen ibili zen Mexikon, Guatemalan, Hondurasen eta Nikaraguan. Gero Filipinetara bidaiatu zuen eta aurten Saharako errefuxiatuen kanpalekuetan, Tindufen (Argelia), egon da.

“Around” eta “arraun” hitz jokoaren protagonista den arrauna ekimen honen ikur bilakatu da. Hain zuzen ere, arraunarekin zeharkatzen dira jendarteak eta herriak hurbiltzen eta era berean urruntzen dituzten itsasoak.

Erakusketaren testuinguruan, abenduaren 29an 19:00etan Olentzeroren bilobak egindako bidaien berri ematen duen dokumentala proiektatuko da.

Sentimenduz beteriko proposamena, elkartasuna lagun bidaiatzeko gonbidapena egiten duena. Gora bihotzak!