Giro epelean ospatu genuen atzo Oihaneder Euskararen Etxearen lehen urtea. Kuku Bazar konpainiako Marta Lopez eta Montse Lopezek urteak emandakoaren antzerki-laburpen umoretsua eskaini zuten, Rockomikiak, Kortxeak eta krispetak musika eta zinema zikloa, Eskilarapeko soinuak, udaberri jaia eta hitz adina mintzo zikloa… izan zituzten hizpide eta Gasteizko Kafe Antzokiaren aldeko plataformako kdeda den Beñat Garaiorekin SolasALEAn ere egon ziren.
Bertaratutakoei galdera luzatu zitzaien; nolakoa izan behar du Gasteizko Kafe Antzokiak? Erantzunak askotarikoak: Iradokitzailea, gure kultura lantzeko leku bat, dibertigarria, geurea, gaupaseroa, kulturala, euskaldunen topagunea, polifazetikoa, alaia, zabala, euskalduna, erakargarria, dibertigarria, euskal kulturaren sustatzailea, parte-hartzailea, konfiantza lortzeko lekua, jende berria ezagutzeko, leku euskaldun giroa bizitzeko eta jendea ezagutzeko, irekia, traktorea, erakargarria, euskalduna, magikoa, leku miresgarria guztiok gustura egon gaitezen, gertukoa, anitza, aktiboa, bateratzailea, aurrerakoia, probokatzailea, parte-hartzailea…
Iñaki Prusilla kultura zinegotziak eraman zituen bai erantzunen kutxa baita Gasteizko Kafe Antzokiaren lehen adreilua eta egitasmoari osotasuna emango dion bigarren hanka hori martxan jartzeko borondatea berretsi zuen.
Oparoa izan da urtebeteko uzta eta elkarrekin jarraituko dugu etorkizuna ereiten. Mila esker Oihanederri bizitza eman diozuen guztioi!