Oihanederren ibilbideaz hitz batzuk

2016-10-17 / Hala Bedi Irratia

Oihaneder Euskararen Etxeko bigarren urteurrenaren testuinguruan Oihanedertarren enkargua jaso genuen: bi urte hauetan ibilitakoaren inguruko irakurketa egitea. Izan ere, bi urte hauetan gertuko bidelagunak izan gara Oihaneder eta Hala Bedi. Bi norabideetan gainera. Jon Aranaburu Hala Bediko kideak urteurrenean esan bezala, jakin nahiko genuke zenbat email eta mezu bidali eta dei egin dizkiogun elkarri Hala Bediko jendeak Oihanederreko lagunei. “Makina bat aldiz etorri gara hona tailerrak antolatzera, erakusketak egitera, kontzertuak prestatzera, eta beste hainbat gauzatara. Eta Oihanedertarrak ere ia astero izan ditugu gure estudioetan elkarrizketaren bat egiteko” bota zuen Jonek. Eta ez hori bakarrik…

“Oihanedertarrek esan bezala, oparoa izan da bi urte hauetako uzta. Eta gu horren lekuko ere izan gara, eta ahal izan dugun heinean uzta hori ereiten eta horren berri ematen hortxe aritu gara. Rockomikiak, hitza adina mintzo, eskilarapeko soinuak, solasalean, kortxeak eta krispetak, gasteiztarrak arraun the world… horiek, orain boteprontoan bururatu zaizkidan ekintzak. Erein duzue, eta majo.

Gasteizen euskaraz bizi garenontzat, edo, behintzat, bizitzen saiatzen garenontzat erreferentziazko toki bihurtu zarete bi urte hauetan. Bazarete, hain boladan dagoen terminoa erabiltzeko, arnasgune bat. Eta bi urteko tartean lortzea, joño, bada zerbait. Zorionak!

Baina bueno,autokonplazentzian ez zenutela erori nahi esan duzue, eta ez naiz ni izango, orain, zurikeriatan ariko dena, pelota besterik egingo ez dizuena. Aurrera begira ere, baduzue (badugu) lana. Hau hasi besterik ez da egin eta.

Baduzue lana, zuek diozuen moduan, Euskarazko sorkuntza garatzeko laguntza ematen. Ze, oro har, sortzaileen egoera ona ez bada, pentsa Euskarazko sortzaileena nolakoa den. Baduzue lana Euskara ikasleek etxe hau beraien etxea ere badela sentiarazten. Izan dadila hau euskara ikasle, euskaldunberri, euskaldun zahar, eta euskalduntxarren etxe. Baduzue lana erdaldunekin komunikatzen, oraindik ere gehiengoa dira-eta gure hiri honetan, eta ziur, zuen eskaintzaren berri izango balute segituan joango direla euskaltegiren batera matrikulatzera. Eta baduzue lana antolatzen. Gero eta gehiago gara euskaraz eta euskararen inguruan lan egiten ari garen komunikabide, elkarte, talde, enpresa eta banakoak gasteizen. Imajinatzen duzue egunen batean guztion artean elkargune bat egon eta denok batera arraun egingo bagenu? Ah! eta ia ahaztu nuen! Kafe Antzokia! Izan dadila auzolanerako leku hura ere, egiten den lekuan egiten dela.

Asko izan dira Oihanederren egindako ekintzei buruzko elkarrizketak gure estudioetan. Haietako batean elkarrizketatuarekin izandako mikroz kanpoko elkarrizketaz gogoratu naiz. Asisko Urmeneta etorri zen hona Rockomikiak erakusketaren harira, eta Oihanederri buruz ari ginela hala esan zigun: Troiako zaldi bat sartu duzue! Bai! Esan genion. Gaztelera nagusi zen ingurune batean, euskaldunez betetako zaldi bat sartu dugu, eta hasi gara ingurune horretan barreiatzen.

Segi ereiten, beraz!”