Oihanederreko udaberrian, egitarau koloretsua

2022-03-25 / oihaneder

Udaberrian sartzearekin bat Oihanederrek egitarau koloretsua aurkeztu du datozen hilabeteetarako. Euskararen Etxean ohikoa den moduan, jarduera ugari eta anitzez osatutako egitaraua da urtaro berrikoa ere, publiko ezberdinak euskal kulturara erakartzeko asmoarekin antolatua, jakina.

Udaberrian sartu gara, baina tamalez, negu gorria da munduko txoko askotan. Oihanederren kultura sustatu nahi dugu ankerkeria horien antidoto gisa.

Apirilaren 3an hasi eta ekainaren 30era bitartean, Oihanederren ohikoak diren zikloen jarraipena eskainiko da bereziki ikasturtea amaitu bitartean: Filmazpit, Egin Leku!, Begi Belarri, Saski Naski, Eskilarapeko soinuak eta Eragiteko janzten, besteak beste. Jarduera hauez gain, hilabetez hilabete, honako egitasmoak dira aipagarrienak.

Apirila

22. Korrikaren etorrerari lotuta, Korrika kulturalean, eRRe, aldarri bat bertsoz ikuskizuna eskainiko da hilabeteko lehen igandean, bertsolaritzaren, antzerkiaren, musikaren eta poesiaren arteko mugak lausotzen dituen ikuskizuna. Halaber, etxeko txikienei eta gaztetxoei zuzendutako eta ekainera arte luzatuko den Dona Dona Katona egitasmoaren edizio berri bati emango zaio hasiera hilabete berean.

Maiatza

Sastraka erakusketa ibiltaria izango da nagusi euskararen etxean maiatzean. Izan ere, Iruñeko Ziudadelatik zuzenean etorriko da Oihanederrera. Esparru ezberdinetako lau sortzailek osatutako sormen lana da Sastraka: José Ignacio Agorretaren koadroen aldamenean Pello Lizarralderen idatziak kokatuko dira erakusketan, horrez gain, Imanol Ubedak Don Inorrez taldearekin grabatutako abestiak entzungai izango dira, Imanol Rayoren ikusentzunezko pieza artistikoen ondoan. Erakusketari lotuta Don Inorrez taldeak kontzertua eskainiko du maiatzaren 8an, igandeko eguerdian. Erakusketa garrantzitsu honetaz aparte, aipatzekoa den elkarlan garrantzitsu bat: Poetak Maiatzean jaialdiaren X. urteurrenaren baitan bi ikuskizun eskainiko dira.

Ekaina

Udaren atarian, aipatutako zikloen ikasturte amaiera izango da, eta Batera, kultur proiektuak elkarrekin deialdiaren lan irabazleak ere aurkeztuko dira. Aurtengo ekainean Kortxeak & Krispetak jaialdia izango da nabarmentzekoa. Izan ere, aurreko urteetatik hilabete aurreratuta dator oraingoan. Hala ere, ohiko formatua mantenduko du: musikari lotutako ikus-entzunezkoak eta udako giro goxoari esker Falerina lorategian eskainiko den kontzertu entzutetsua.

Udaberriko programazioko jarduerak doakoak izanik ere, gonbidapena aurrez eskuratzea gomendatzen da ohiko moduak erabilita (oihaneder@oihaneder.eus helbidera idatzita, telefonoz eskatuta edota BIBE plataformaren bidez eskuratuta). Salbuespenak salbuespen, astebeteko aurrerapenaz jarriko dira gonbidapenak eskuragarri. Dona Dona Katonaren kasuan, lantegietan izena eman beharko da bi asteko aurrerapenaz.