Oihaneder zein Zeledon, euskaraz beti ON!

2016-08-01 / oihaneder

Udako oporren atarian, Oihanederren badugu zer gozatu, Gasteizko jaietan zein abuztuaren amaieran. Zehazki, hilaren 7an, Pon ta Pa ikuskizuna egongo da, zirkua eta antzerkia batzen dituen haurrentzako emanaldia. Abuztuaren 26 eta 27an “Irri-barra gauak” umore antzerki eta bakarrizketen txanda izango da, Nomofobikak eta Jose Cruz Gurrutxagaren ikuskizunekin, besteak beste. Bi ekintzak Falerina lorategian izango dira.

oihaneder2016webGasteizko jaietako txikien egunean, abuztuaren 7an, antzerkiaren eta zirkuaren magia eta umeen munduaren koloreak batzen dituen ikuskizun dinamiko, goxoa eta sorpresaz betea eskainiko du Bapatean Zirko taldeak. Pon-en urte betetzearen aitzakiarekin, Pon ta Pak beraien mundu xelebrearen parte izatera gonbidatuko gaituzte 13:00etik aurrera. Susto, korrikaldi, opari eta bizkotxo artean, bi lagunen malabare, akrobazia eta xaboi ponpen unibertsoan murgilduko gara. Eusko Labeldun gereziak, alergia sendaezinak eta erremedio magikoak. Dena da posible.

irribarragauak_irudi nagusia_webBestalde, abuztuaren 26 (ostirala) eta 27ko (larunbata) asteburua algaraka igaroko dugu Irri-barra gauak umore antzerki eta bakarrizketa saioekin. Gauero bi ikuskizun egongo dira, 20:00etan lehena eta 22:00etan bigarrena.

Irriak barra-barra eragiteko helburua duen proposamena ostiralean abiatuko da Ion Martinez “Txiki”renMil a zien” ikuskizunarekin. Ostean Nomofobikak taldeak “Sarean kateatuak” antzezlana eskainiko du. Larunbatean Bazen behin clown taldearen “Sexijentziak askatuz” ikuskizuna egongo da hasteko. Jose Cruz Gurrutxagak itxiko du irri asteburua “Umorea” bakarrizketarekin. Ekintza doakoa da eta sarrera librea tokiak bete arte.

Bien bitartean, Gasteiztarrak Arraun The World argazki-hizki lehiaketa abian egongo da irailaren 22ra arte. Argazki-sorta sarituen egileek 300 €tan baloratutako Durangoko Diska eta Liburu Azokan asteburu pasa kulturala irabaziko dute.

“Irri-barra gauak” zehaztasunez:

  • irribarragauak_web“Mil a zien” (Ion Martinez “Txiki”): Bakarrizketak eta inprobisazioak biltzen dituen bakarrizketa saioa. Euskaldunon egunerokotasunean oso gertukoak diren hainbat gai jorratzen ditu: Euskal Herria, euskal biztanleria, magia, Txikiri (aktorea) buruzkoak (ikastolako garaiak eta gertakizunak, umetik nerabetasunera gertatutakoak, unibertsitate garaikoak…). Maitasunezko euskal abestien errepaso txiki bat ere egiten da. Ikusleen parte-hartzea une oro bilatzen duen ikuskizuna, amaieran Donostiako suen antzerako txiste traka finala duena.
  • “Sarean kateatuak” (Nomofobikak): Hiru emakumek pairatzen duten nomofobiari aurre egiteko terapia egingo dute ikusleekin. Hasteko elkarrekin test bat egingo dute mendetasuna zenbatekoa den neurtzeko. Ondoren, gizartean hain hedatua dagoen gaitza kasu ugaritan ikusteko aukera egongo da: ofizio ezberdinetako langileen eskutik, umeen bitartez, nerabeak, adineko emakumeak… Batzuetan sketch tankeran eta bestetan bakarrizketa gisa, euren bizipenak aurkeztuko dituzte, beti ere, umorea lagun.
  • “Sexijentziak askatuz” (Bazen behin clown): Pituxak larru-jotze kontuetan ez du gozatzen. Eta okerrena zera da, bakarrik sentitzen dela orgasmoaren gurtze gizarte honetan. Izan ere, bere inguruan, dena da plazer eta gozamen harreman erotikoen inguruan hitz egiterakoan. Arazoari aurre egin nahian laguntza eskatzea erabakiko du. Amarengana joko du lehenik. Bere kabuz ere pornoan laguntza bilatuko du. Lagun pare bat ere azalduko dira,  eta nola ez, bikotea. Hala ere, egoera okertu besterik ez da egingo eta azkenik sexologarengana jotzea erabakiko du. Publikoaren parte-hartzea ere eskatuko du, deskubrituko duen bide berrian laguntza bila
  • “Umorea” (Jose Cruz Gurrutxaga): Hitz joko bat da. Jolasa. Horixe delako antzezpen ororen funtsa, jolasa. Eta ikuskizun guztien oinarri. Umorea eta ikuskizuna. Ikusleak eta antzezlea. Harreman horretan bakoitzak bere rola bete behar. Umoristarena badakigu zein den baina ba ote dakigu ikuslego edo publiko izaten? Umoristak istorioak kontatu eta ikusleak barre egin. Hain zaila ere ez da. Jose Cruz Gurrutxagak berari gertatutako istorioak kontatuko ditu, edo berari gertatu zaizkiola esanez, asmatutakoak. Azken finean berdin dio. Pentsa, berau jaio aurretik gertatutako istorioak ere kontatuko ditu. Protoi-istorioa edo pre-istorioa deitu beharko lioke?