Oihaneder ere Euskaraz 1+1… hamaika! egitasmoarekin bat

2019-11-08 / oihaneder

Euskararen arloko 16 eragilek #Euskaraz11 programa aurkeztu dute Oihaneder Euskararen Etxean egindako agerraldian.

Abenduaren 3an ospatuko den Euskararen Nazioarteko Eguna aitzaki hartuta, egunean ez ezik aurreko asteetan ere programazio berezia antolatu dute Gasteizko hainbat eragilek, hiriko euskaldunak aktibatzeko eta Gasteiz euskararen hiriburu bihurtzeko.

Eragile ugarik hartu dute parte programazioa sortzeko orduan, Gasteizko Udala eta Arabako Foru Aldundiarekin elkarlanean:

Bai Euskarari Elkartea, Arabako Bertsozale elkartea, ZET Zabalganako euskara taldea, Sarburu Kultur Elkartea, Arabako Euskal Pilota Elkartea, Euskaraldia, Bost Urki auzo elkartea, Arabagara Topagunea, Oihaneder Euskararen Etxea, Leocadia Zabalate elkartea edo IKA, AEK, Udaberria eta Hegoalde euskaltegiak.

1+1 euskaraz… hamaika! egitasmo honen barruan Oihanederretik Xare, euskarazko kultura digitalaren jardunaldiak antolatu ditugu datorren azaroaren 27an. Bertan, Batxilergo 1. mailako 300 ikaslek parte hartuko dute. Egitasmo honekin IKTen alorrean, eta oro har, kultura digitalean, nerabeen artean euskararen erabilera sustatu nahi da.

Zehazki honako helburu hauek lortu nahi dira:

  • Euskarazko kultura digitala suspertu.
  • Egungo euskarazko softwarea ezagutarazi.
  • Euskarazko softwarearen erabilera sustatu.
  • Softwarea euskaratzea bultzatu.
  • Euskarazko IKTen sektorearekin ikusgarritasuna eta balioa eman.
  • Ordenagailuetan zein mugikorretan euskarazko sistema eragile eta softwarea instalatu eta erabiltzeko ohitura sortu eta indartu.
  • Nerabeek euskara lotu teknologia berriekin, etorkizunarekin.
  • Nerabeek teknologia berriekin esperientzia on eta gozagarria euskaraz izan.