Milazangok euskarari bultzada emango!

2019-04-12 / oihaneder

21. KORRIKAk Gasteizen emango ditu azken kilometroak igandean. GEU, Oihaneder eta ALEAk elkarrekin egingo dugu korrika Salburuan. Aurten auzolanean sortutako milazangoarekin batera egingo dugu 2523. kilometroa, guztion urrats sendoekin euskarari bultzada emango diona.

Euskal Herrian zehar 2.560 kilometro egin ondoren, 21. KORRIKAk Gasteizen bukatuko du ibilbidea datorren igandean. Tradizioari jarraiki, GEU elkarteak, Arabako ALEAk eta Oihaneder Euskararen Etxeak batera egingo dugu korrika, 2523. kilometroan hain zuzen ere. Kilometro trabestiaren eskutik hartuko dugu lekukoa 10:46an Salburuako Joan Karlos I eta Stockholm kaleen arteko bidegurutzean eta “Gora gu ta gutarrak”eko lagunei pasako diete.

Aurtengo hitzorduari lagun berria lotuko zaio: milazangoa, guztion urrats sendoekin euskarari bultzada emango diona. Hura eraikitzeko hogei lagun inguru bildu dira bi auzolanetan. Diplopodoaren izaeraren beraren inguruan ere hainbat desadostasun azaldu dira, hasiera-hasieratik. “intsektu bat da, eta intsektuek ez dute mingainik”, batek. “Berdin dio”, besteak. Zalantzak zalantza, argi dagoena da milazangoak kolorea, alaitasuna  eta sinbologia erantsiko diola kilometroari. Salburuan hasita KORRIKAren azken kilometroak egingo ditu Andre Maria Zuriaren plazaraino.

Milazangoak abestia ere badu. Izan ere, martxoaren 31n korrika kulturalaren testuinguruan Oihanederren izandako “Enkarguz, sormenaren ibaian” ikuskizunean Andoni Egañak, Xabier Zabalak eta Alberto de Abajok kanta sortu zuten, publikoaren laguntzarekin.

Horrela dio:

 

Milazangok euskarari bultzada emango

eskuz esku, zangoz zango KORRIKA arinago

 

Hegaztientzat ura guretzat aire

Salburuan euskara DUguLA KIDE

nirea zure eta zurea nire

kilometro beteko gozamen bide

 

Milazangok euskarari bultzada emango

eskuz esku, zangoz zango KORRIKA arinago

 

Nola txori kantuak hala ahoskerak

gure emozioak, oinatz, plazerak

bakoitzak egin bitza bere aukerak

bidezidorrak asko, irribarre bat

 

KORRIKAra batzeko elkartaratzea apirilaren 14an 10:30ean Joan Karlos I eta Stockholm kaleen arteko bidegurutzean izango da.Igandera arte!