Letrategia, idazle gazteen lantegia

2014-11-07 / oihaneder

Gazte batzuk, euskaraz idazteko zaletasuna eta idazle euskaldun bat, horiexek dira Letrategiaren osagaiak.
Gasteizko Udaleko Euskara Zerbitzuak Gasteizko hainbat ikastetxerekin batera abian jarri dute lantegi praktiko hau non euskaraz idazteko zaletasuna duten DBH 4. mailako eta batxilergoko ikasle batzuek Patxi Zubizarretaren laguntzarekin sormena eta idazmena landuko duten. Parte hartzaileek folklorean eta literatura unibertsalean sakontzeko aukera izango dute, hitza marrazkiarekin (komikia) eta musikarekin (kantua) lotuz sortzen den mundu kreatiboan, elipsian, deskribapenetan, estilo kontuetan, irakurgai zerrendetan murgilduz.
Lantegiaren helburuak, beraz, euskaraz idazteko zaletasuna piztea eta areagotzea, partaideei euskaraz jolasteko eta abesteko baliabideak eskaintzea eta familian, euskarazko harremana indartzea eta euskararen transmisioa izango dira.
Neurri batean, gaur egungo Urruzuno literatur sariarekin alderatu daiteke, baina aukera askoz zabalagoa da, ez baitago lehiaketa bat gainditu beharrik eta ikasturte osoan luzatuko baita. Bestalde, aurten parte hartzaileek sortutako lanak erakusteko blog bat abian jartzeko asmoa dago.
Lantegia azaroaren 12an hasi eta maiatzera arte izango da, asteazkenetan, 18:00etatik 19:30era (hamabostean behin). Oihaneder Euskararen Etxean egingo da.
Izena emateko azken eguna: Azaroak 10
Izena emateko: Letrategia- galdetegia
Informazio gehiago: eurcelay@vitoria-gasteiz.org // 945 16 15 88