Gasteizko euskararen inguruko lehiaketa berria jarri dugu martxan Oihanederren

2020-03-23 / oihaneder

Nola ari gara egoera zail hau bizitzen? Apurka-apurka etxealdira moldatzen? Imajinatzen dugu batzuk etxetik lanean, besteak ERTE baten eraginpean, hirugarrenak lanera joan beharrarekin…

Denontzat besarkadarik handiena!

Beste askok bezala, Oihanederrekook pentsatu dugu ezin garela geldirik egon, mugimenduak astinduko dizkigula gure kezkak, beharrezkoa dugula egoera berrira moldatzea eta ekimen berriak proposatzea.

Horregatik otu zaigu lehiaketa bat proposatzea, entretenigarri eta arin bat eskaintzea.

Gaurtik aurrera egunero eta astebetez (martxoak 23-29) Gasteizko euskaldunen eta euskararen historiaren inguruko 7 galdera egingo ditugu Oihaneder Euskararen Etxearen eta ALEA aldizkariaren sare sozialetan eguerdiko 12:00etan.

  • Egunero galdera bat “sareratuko” dugu, zazpi egunez, eta zuzen erantzuten dutenen artean puntuak banatuko ditugu:
    • Lehenengoari, 3 puntu
    • Bigarrenari, 2 puntu
    • Hirugarrenari, puntu 1
  • Horrela zazpi egunak eta zazpi galderak osatu arte.
  • Galderak egunero eguerdiko 12:00etan jakinaraziko eta sareratuko ditugu (Facebook-en eta Instagram-en)
  • Zortzigarren egunean, datorren astelehenean,martxoak 30, goizeko 11:00etan esango dugu nor izan den asteko irabazlea.
  • Irabazleak ALEA aldizkariko urteko harpidetza irabaziko du.
  • Galderak Gasteizko euskararen historia izango dute oinarri

Hau da otu zaiguna egun zail hauetarako denborapasa gisa, espero zuen gustuko izatea.

Egon adi sare sozialetan jarritako galderei, eta erakutsi dakizuen guztia!