Mikel Laboa zendu zela 8 urte igaro direnean, Laboa Gertutik musika-instalazioa Oihaneder Euskararen Etxera heldu da. UPV-EHUko Mikel Laboa Katedrak musikaria gertuan sentitzeko sortutako espazioa urtarrilaren 8ra arte egongo da ikusgai Jovellanos aretoan. Instalazioarekin batera hainbat ekintza antolatu dira, Txoriak dantza ikuskizuna, bisita gidatuak edo Laboaren inguruan egindako ikerketen jardunaldia, besteak beste.
Laboa musikari ezaguna izan zen, bere jardun artistikoak musikaren mugak zeharkatu eta euskaldunon belaunaldi desberdinen memorian iltzatuta geratu da, sentimendu kolektibo baten adierazpide gisa. UPV-EHUko Mikel Laboa Katedrako Juan Kruz Igerabideren hitzetan “Laboa kantuak harrapaturiko gizona zen eta itsasoa zeraman begietan. Itsaso horretan biltzen zituen kantuaren lilura eta gizakiaren mina. Herri-lur txiki bat dakar tiraka itsaso zabalera, herri baten ezina mundu zabaleko gizakiaren ezinarekin uztartzera”.
Instalazioan, Laboaren presentzia espazio xume batean irudikatu nahi izan da: hustutako oholtza bat, bere ahotsa, ez beste ezer asko. Igone Martinez de Luna Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Diputatuak airera botatako galderen erantzunek instalazioaren nolakotasuna jaso dute, “Nola haragiztatu barruan gordean daramaguna? Nola haragiztatu Mikel Laboa? Saiakera honek gertu-gertuko Laboa erakutsi nahi du, eta horretarako, haren izaeraren antza emango dio, hustasunean entzulea biluztuz, I-Pod teknologian ahots doinuak zaldikatuz, eta plastika, naif zein kubistak, eszenaratuz”.
Proposamenak Laboak bere ibilbidean jorratutako esperimentazio estetikoa azpimarratu nahi du: bere ahotsa unibertso propioaren adierazpen gisa, jolas fonetiko aberatsen bidez, umorea eta ironia tartekaturik, bizitzaren garraztasuna eta edertasunaren adierazpenarekin batera, etenik gabeko jokoan. Igerabidek nabarmendu duenez, “Laboa herrikoi eta mitifikatu bat geratu da herriaren memorian, eta haren joera abangoardistaren isla ahuldu-edo egin da. Artistaren nolabaiteko joera arraro baten irudia geratu da mitoaren baitan. Baina “arrarotasun” hori pixkat bat aztertuz gero, erro estetiko sakonak dituela ikusten da”.
Oihaneder Euskararen Etxeko Iñaki Lazkanok borobildu bezala “Ez da ohiko erakusketa: ikusi egiten da baina batez ere ukitzeko eta sentitzeko musika instalazio bat da”.
Ekintza osagarriak:
Musika instalazioaren testuinguruan hainbat ekintza osagarri antolatu dira abenduan zehar artista bera eta bere lana hobeto ezagutzeko. “Bihartik aurrera Itziar Zubizarreta, Dantzaz konpainia, Ibon Rodriguez, Ana Gandara, Josune Albisu, Auritz Aurtenetxe eta Juan Kruz Igerabide bera izango ditugu Oihanederren ezagutza horretan sakontzen laguntzeko” azaldu du Lazkanok.
Zehazki, abenduaren 2an inaugurazioaren ostean, Itziar Zubizarreta instalazioaren arduradunak bisita gidatua eskainiko du, 19:00etan. Ordubete beranduago, 20:00etan, Txoriak dantza ikuskizuna egongo da, Dantzaz konpainiak Mikel Laboaren musikarekin, Josu Mujikaren koreografiarekin eta Iñaki Salvadorren aholkularitza musikalarekin sortutakoa. Abenduaren 14an Ibon Rodriguezek Laboaren belarria izeneko saio didaktikoa eskainiko du. Abenduaren 20an Laboaren inguruan egindako ikerketen jardunaldian 3 hitzaldi labur entzuteko aukera egongo da, bakoitza 20 minutukoa. Batetik, Ana Gandarak Laboaren begirada joria hitzaldia eskainiko du. Josune Albisuk Laboaren kanten bidezko harreman-sareak izango ditu hizpide eta Auritz Aurtenetxe Laboaren bide esperimentalaz arituko da. Azkenik, hilaren 22an Mikel Laboa (1934-2008) dokumentala eskainiko da eta proiekzioaren ostean Juan Cruz Igerabidek solasaldia gidatuko du. Dantza ikuskizuna kenduta, ekintza guztiak arratsaldeko 19:00etan izango dira.
Honez gain, euskaltegietako ikasleei zuzendutako bisita gidatuak ere egingo dira.
Elkarlana:
Egitasmoa antolatzeko emandako elkarlanarekin pozik agertu da Lazkano, “Horretan sakondu nahi du Oihanederrek, euskararen unibertso txikian dihardugun eragile ezberdinen elkarlanean. Horren adibide, Mikel Laboa Katedrarekin batera, gaur gurekin Gasteizko Udalaren eta Arabako Foru Aldundiaren ordezkariak izatea”.
Ildo beretik mintzatu da Gasteizko Udaleko zinegotzi Iñaki Prusilla, “Euskararen Astean murgilduta gaude, eta elkarteekin batera diseinatu dugun programazioaren barnean Laboa Gertutik ekimena aipagarrienetakoa dela esango nuke. Aste honetan zehar egingo diren ekintzen artean gure hizkuntzari omenaldia egingo diogu, baita euskaldun berriei, Laboari berari edota joan zaigun Izaskun Arrue andereñoari ere. Eta guzti hauen artean lotura argia dagoela ikusten dut, urteko 365 egunetan euskaraz bizitzea erraztu dutelako bere lanarekin”. Gainera, zinegotziak esan duenez, “Gasteiz Euskararen hiria izateko lanean gabiltza Gasteizko Udaletik. Eta Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren ildo nagusietako bat aisialdiaren eta kirolaren arloan euskararen erabilera indartzea da. Eta hizkuntzaren normalizaziorako, beraz, Laboa Gertutik bezalako ekimenak bezalakoak oinarrizkoak iruditzen zaizkigu”.
Instalazioaren inaugurazioaren eta Txoriak dantza ikuskizunaren argazkiak: