Kurduerarekin laster arte!

2016-04-14 / oihaneder

ArgazkiaHitz Adina Mintzo hizkuntza gutxituak ezagutzeko zikloak kurdueraren aurkezpenarekin agurtuko du aurtengo ikasturtea. Apirilaren 20an Birgül Yılmaz hizkuntzalari eta ekintzaile kurduak hizkuntza aurkeztuko du 19:30ean. Apirilaren 21ean poesia eta musika kurduaren errezitaldia eskainiko du “Errautsetatik koloreak bildu dituen herria” izenpean, 19:00etan. Zikloari amaiera borobila emateko maiatzaren 14an Udaberri jaia, hizkuntza gutxituen musika jaialdiaren II. edizioa egingo da.

Kurduera iraniar hizkuntzen adarreko hizkuntza Indoeuroparra da. Kurdistan munduko estaturik gabeko naziorik handienetako bat da eta kurduak eta kurduera hiztunak hainbat herrialdetan barreiatuta daude. Kurduera hizkuntza-talde zabala eta anitza da eta aldaera desberdinak hitz egiten dira eskualdearen arabera, zenbaitetan hizkuntza debekatuta badago ere. Hitz Adina Mintzon Ipar Kurdistanen hitz egiten den kurmanji aldaera landuko da.

Birgul_webBirgül Yilmaz hizkuntzalari eta ekintzaile kurdua da. Hizkuntzalaritza eta ingelera ikasketetan graduatua Londreseko Queen Mary Unibertsitatean, ondoren soziolinguistikako masterra egin zuen Londreseko King’s Collegen. Hiri bereko SOAS Unibertsitatean doktoretza-tesia amaitu berri du. Bertan Ingalaterran bizi diren Ipar Kurdistango identitateak aztertu ditu. Bere interes gaiak nazionalismoa, eleaniztasuna, aldaera estandarrak, hizkuntza ideologiak eta generoa eta hizkuntzak dira, besteak beste. Horrekin batera,  kurduen inguruko hizkuntza-ideologia aztertu du zenbait artikulutan, baita dialektoen eta aldaera batuarekiko jarrera eta bi aldaeren arteko harremana ere. Apirilaren 20ko saioa ingelesez izango da eta Teresa Praderak egingo ditu interprete lanak. Itzulpengintzan eta interpretazioan lizentziaduna eta Konferentzia interpretazioan masterduna (Leeds, 2014) egun Oxford eta Bilbo artean bizi da itzultzaile, zuzentzaile eta interprete lanak egiten.

kurdasApirilaren 21ean, poesia eta musika kurduaren errezitaldia eskainiko du Yilmazek  “Errautsetatik koloreak bildu dituen herria” izenpean. Errezitaldi poetikoaz gain, gaur egun, Kurdistanen egin eta entzuten diren kantak ekarriko ditu, beste hizkuntza gutxitu batean egindako sormen kulturalaren berri emanez. Kurdueraren soinuaz bere herriko kultura nolakoa den kontatu eta kantatuko du. Miren Diaz de Arkaia idazle gasteiztarrak eskainiko du Birgulek kurdueraz errezitatutakoaren euskarazko ordaina.

Maiatzaren 14an zikloari amaiera borobila emateko Udaberri jaia, hizkuntza gutxituen musika jaialdiaren bigarren edizioa egingo da. 20:30etatik aurrera Falerina lorategia Asturias eta Galiziako doinuez beteko da Dixebra eta Terbutalina taldeekin.  Horrekin batera Broken Brothers Brass Band nafarrek erdialdeko kaleak girotuko dituzte arratsaldean zehar.

Hitz Adina Mintzon orain arte landutako edukiak zikloaren blogean daude jasota