Kokapen proposamenak proiektuarekiko konpromisoa berresten du

2016-07-15 / oihaneder

Lazarraga Kultur Elkarteak ontzat jotzen du behingoz proiektuaren kokapenerako proposamen zehatz bat izatea. Datorren astean hausnarketa kolektiboa egingo du proposamenaren inguruko iritzia plazaratzeko.

Oihaneder Euskararen Etxeko kudeatzailea eta Gasteizko Kafe Antzokia proiektuaren sustatzailea den Lazarraga Kultur Elkarteak gaur eguerdian izan du Santa Maria Katedrala Fundazioak Antzokiaren kokapenaren inguruan egindako azterketaren berri, Udal korporazioko talde politikoekin batera.

Alde zaharreko lau kokapen aztertuta, Eskoriatza-Eskibel jauregiaren etxadia proposatu dute Fundazioko adituek. Udal Gobernuak proposamena begi onez ikusten duela adierazi du.

Balorazio sakonago baten faltan, Lazarraga Kultur Ekarteak ontzat jotzen du behingoz proposamen zehatz bat mahaigaineratu izana, honek proiektuaren osotasunarekin, Euskararen Etxea eta Kafe Antzokia, aurrera egiteko konpromisoa berresten duelako.

Datorren astean Lazarraga Kultur Elkarteko kideek batzarra egingo dute proposamenaren gaineko hausnarketa kolektiboa egiteko. Ostean proposamenaren aurrean duten iritzia plazaratuko dute.

Era berean, proiektuak ahalik eta kontsensurik handiena izan behar duela sinistuta, datozen egunetan alde zaharreko, kulturgintzako eta euskalgintzako eragile desberdinekin harremanetan jarriko dira kokapen proposamenaren inguruan bakoitzak duen jarrera ezagutzeko.

Modu honetan azken hilabeteetan abiatutako dinamikari jarraikortasuna emango zaio. Izan ere, Lazarraga Kultur Elkartea dagoeneko hiriko hogei eragile baino gehiagorekin bildu da egitasmoaren nondik-norakoak partekatzeko eta euren iritzi, behar eta nahiak jasotzeko. Bilera hauen ondorioz, euskalgintzako hainbat eragilek Euskararen Etxean espazio bat izateko eskaerak erregistratu dituzte, bertara lekualdatzea estrategikoa dela ulertuta.