Ilunabarrean dantzan hirugarrenez martxan!

2018-01-30 / oihaneder

Ilunabarrean dantzan zikloa hirugarren urtez bueltatuko da Oihaneder Euskararen Etxera. Oraingoan hiriko hainbat dantza talde eta eskolekin elkarlanean antolatu da: Jare, Adurtza eta Algara Dantza Taldeak, Indarra Kultur Elkartea eta Udalaren Folklore Akademia. Dantzaldiak igandeetan izango dira, 19:00etan.  Juan Mari Beltranen hitzaldi batek borobilduko du aurtengo eskaintza.

Ilunabarrean dantzan zikloaren 3. edizioak bost dantza-saio eta hitzaldi bat eskainiko dizkigu urtarriletik apirilera bitartean. Aurten dantza–saioak ostiraletan beharrean igandeetan izango dira, hilero bat iluntzeko 19:00etan; martxoan bi. Bertan dantza talde bakoitzak bere proposamena eskainiko du, saio bakoitzari ukitu propioa emanez. Dantzen urratsak irakasteaz gain, bakoitzaren jatorriari, testuinguruari, jantziei… erreparatuko zaio eta hainbat kanten hitzak ikasteko parada ere egongo da.

Parte hartzeko GONBIDAPENA behar da. Eskuragai egongo dira Oihanederren.

Lehen saioa urtarrilaren 14an izan zen Jare Dantza Taldearekin. Jareri Juan Mari Beltranen hitzaldiak hartuko dio lekukoa otsailaren 1ean, osteguna. Bertan Beltranek bere azken liburua aurkeztuko du: Soinu-tresnak Euskal Herri musikan (1985-2010).

Adurtza Dantza Taldeak gidatuko du bigarren dantza-saioa otsailaren 18an. Martxoan bi saio izango dira: Algarak zuzenduko du lehena martxoaren 4an eta Indarra Kultur Elkarteak hilaren azken igandekoa, martxoaren 25ekoa, hain zuzen ere.

Gasteizko Udalaren Folklore Akademiak itxiko du 2018ko Ilunabarrean dantzan apirilaren 15ean.

Giro hurbil eta atseginean euskal folklorean eta dantzan trebatzeko aukera abian!