Iritsi da eguna

2014-10-15 / oihaneder

Iritsi da eguna. Egun batean amestu genuena lortu da, edo amestu genuenaren zati bat, behintzat, abian da, eta ez da gutxi.
OIHANEDER EUSKARAREN ETXEA errealitatea da, gauzatu da dagoeneko, eta Gasteizko Kafe Antzokiaren alde lanean aritu garenok pozik gaude.
– Pozik, jauregi eder hau euskararen babesgune eta arnas-gune izango delako.
– Pozik Euskararen Etxeak bere bidean lehen urratsa eman duelako.
– Pozik, orain arteko ibilbidean, proiektuari bidelagunak ugaritu zaizkiolako.

Gasteiztarren artean euskararen inguruko kezka ez da berria. Kezka horri erantzunez 30 urtetan euskaldunen kopurua nabarmen igo da, beste inon ez bezala; 50 mila euskaldun gehiago dago gaur egun gure hirian. Beraz …
Gasteizek behar du Kafe Antzokia, eta, behar du Euskararen Etxea:
– Euskarazko formakuntzara eta sorkuntzara bideratutako gune bat.
– Euskal kultur adierazpenaren erakusleiho izango den gune bat.

Eta bukatzeko, GKA-aren aldeko plataformako kideok gure esker ona helarazi nahi diegu proiektu hau posible egiten lagundu duten guztiei:
– Udal gobernuari eta alderdi guztiei, proiektu honen aldeko adostasunari eusten jakin dutelako.
– Euskalgintzako eragileei erakutsi duten interesagatik.
– Eta nola ez, plataforman lanean aritu diren guztiei.

Hemendik aurrera, gure erronka izango da: batetik, eraikin hau edukiz betetzea; eta bestetik, euskararena izateaz gain, gasteiztar guzti-guztien etxea eraikitzea, euskara guztiona dela pentsatzen dugulako, euskara guztiona nahi dugulako.
Asmo horretan bidelagun izango garelakoan, MILA ESKER.

Lukas Etxeberria Sagastume