Udalaren Liburutegi Sareak komikia ardatz duen irakurketa klub bat programatu du urteko azken hiruhilabeterako. Komikiak irakurtzea gustuko baduzu, anima zaitez eta parte hartu.
Hiru saio dira, besterik ez, urriko, azaroko eta abenduko lehen astelehenetan, 19:00etatik 20:30era Salburuko gizarte etxean. Dinamizatzaile lanetan, komikietan aditua den Estitxu Urretxu arituko da, eta saioetan hiru komikiren inguruan jardungo dute parte hartzaileek, hirurak euskarara ekarriak:
– Urriaren 2an: Baleak ikusi ditut (Astiberri, 2014). Egilea: Javier de Isusi. Euskal Herrian ezagutu dugun indarkeriari zuzendutako begirada.
– Azaroaren 6an: Kristalezko hiria (Txalaparta, 2006). Paul Austerren eleberriaren moldaketa, Paul Karazik egina eta David Mazzucchellik marraztua.
– Abenduaren 4an: Nemo txikia (Ttarttalo). Egilea: Winsor McCay. Bederatzigarren artearen obra nabarmenetariko bat, XX. mende hasieran sortua.
Hiru saio, hiru komiki: euskal autore bat, eleberri baten adaptazioa eta klasiko bat. Gertutik ezagutzen ditugun gaiak batzuetan, fantasia hutsa besteetan; ohiko teknikak edota teknika berritzaileenak erabiltzen dituzten komikiak; zuri-beltzean zein kolore bizikoak… Horretaz guztiaz arituko gara. Komikiez arituko gara.
Parte hartu nahi baduzu, izena eman behar duzu aurretik Interneten bidez nahiz edozein gizarte etxetan. Komikiak Udalaren Liburutegi Sareak jarriko ditu.