Ilunabarrean dantzan, Balfolk-aren eta euskal dantzen plaza izenpean, Oihaneder Euskararen Etxea dantza eta musika ziklo berria aurkeztera dator. Hilean behin, ostiral arratsaldetan, Europako eta Euskal Herriko dantzak eta musika zuzenean eskainiko dizkigu zikloak. Jauziak, scottish, fandangoa, mazurka, arin-arina, bourrée… Balfolk eta euskal musika eta dantzak ikasi, praktikatu eta gozatzeko aukera ezinhobea.
Ander Zabaleta gasteiztar musikari gazteak gidatuta, bertako eta kanpoko doinuak eta dantzak hurbilduko dizkigu zikloak. Saio bakoitza bi partetan antolatuko da. Hasieran Balfolk ikastaroa eskainiko da. Bertan hilero Europako dantza bat irakatsiko da. Ostean dantzaldia egingo da ikasitakoa praktikan jartzeko eta euskal dantzak ere dantzatuko dira.
Ilunabarrean dantzan urriaren 9an abiatuko da. Zikloan zehar landuko dena aurkeztu ostean, Scottish (Bavaria – Alemania) ikastaroa egingo da. Azaroaren 13an Mazurka (Mazovia – Polonia) ikastaroa egingo da eta abenduaren 11n Bourrée (Auvergne – Frantzia) lantegia.
…jalgi hadi dantzara!
Balfolk-a Europako lurralde ezberdinetako folk dantza tradizionalak eta zuzeneko musika uztartzen dituen saioa da. Balfolk mugimendua Frantzian hasi zen 70. hamarkadan. Gaur egun, Frantziaz gain, Belgika, Suitza, Italia, Alemania, edo Holanda bezalako lurraldeetan ere oso zabalduta dago.
Balfolk-ean dantzarekin gozatu eta ondo pasatzeak aurre hartzen dio dantzaren funts historikoari, jatorrizko pausuak xehetasun guztiekin dantzatzea ez da hain garrantzitsua, era honetan inprobisazioari lekua handiagoa eginez. Era berean, musikariek, kantu tradizionalak jotzeaz gain, euren konposizio propioak edo melodia modernoagoak jotzeko aukera daukate.
Balfolk batean, musikari talde batek zuzeneko musika jotzen duen bitartean, publikoa pistan dago dantzan. Taldekako dantzak bikotekako dantzekin tartekatzen dira. Dantza hauek nahiko oinarri erraza daukate, jendearen parte hartzea erraztuz, edozein delarik dantzariaren maila. Balfolk-aren aurretik, normalean dantza ikastaro bat egoten da hasiberri edo erdi mailako dantzariei zuzendua.