Ikasi, dantzatu, musikaz gozatu, lehiatu, irabazi… Dena eskura!

2015-07-22 / oihaneder

Udaren azken txanpan gauden honetan Oihanederrek ikasturte berria gogoz hartzeko proposamen interesgarriak dakarzkigu.

Besteak beste, dagoeneko abian diren zikloek bere bidea egiten jarraituko dute. Horrela, Eskilarapeko soinuak formatu txikiko musika emanaldien zikloan irailean Eneritz Furyak irundarra izango dugu, urrian Antton Aranburu eta azaroan MobyDick. Beti bezala, kontzertuak hilabeteko azken ostegunetan izango dira 19:30ean atrioan.

ALEA eta Hirinetekin elkarlanean egiten den SolasALEAn elkarrizketa ireki eta parte-hartzaileen zikloak gonbidatu interesgarri berriekin etorriko da, Gorka Urbizuk eta Garbiñe Biurrunek utzitako zapore gozoari jarraipena emateko.

Gainera ziklo berriak ere egongo dira.  Hitz adina mintzo Hizkuntza Gutxituak ezagutzeko zikloa irailaren 23an hasiko da. Bertan hilero hizkuntza bat aurkeztuko da eta hizkuntza horri lotutako emankizun kulturalaz gozatzeko aukera izango dugu. Zehazki urrian galizierara hurbilduko gara eta azaroan nawat hizkuntzara.

Honekin batera, urritik martxora bitartean Euskal Herriko eta Europako herrialde desberdinetako musikaz gozatu eta dantzak ikasteko aukera ere egongo da. Izan ere, hileko hirugarren ostiraletan balfolka eta euskal dantzak uztartuko dituen musika-dantza saioak egingo dira.

Bestalde, EHUrekin elkarlanean irailaren 11 eta 12an Ardoa ezagustuz ikastaroa eskainiko da eta UEU eta Aziti Bihiarekin elkarlanean antolatutako “Euskararen historian barna: uste dugunetik dakigunera” mintegiari berriz ekingo zaio irailean. Hileko azken astearteetan egingo da, saioren batean parte hartzeko interesa izatekotan izena ematea dago.

Horrez gain, hiriko eragile desberdinekin elkarlana sustatzen jarraituko dugu, adibidez, urrian Aitzina folk jaialdiaren baitan kontzertua eskainiko da Oihanederren.

Azkenik gogoan izan Gasteiztarrak arrun the world udako argazki lehiaketa abian dela, beraz badakizue, bidaiaz gozatu eta ostean kontatu!