Mila lagunetik gora hurbildu zen larunbatean Oihaneder Euskararen Etxeak antolatutako Udaberri jaira, hizkuntza gutxituen musika jaialdira. Iparraldeko Joxe Replay taldearekin gorputza ederki astindu ostean Mauresca Fracas Dubek Okzitaniako hotsak ekarri zizkigun eta Txarangok leporaino bete zuen hizkuntza aniztasunaren plaza.
“Orain arte ezer gutxi genekien okzitanierari buruz, jaiak kuxkuxean ibiltzeko gogoa piztu digu eta orain badakigu zerbait gehiago”. Falerinara hurbildutako lagunetako batek esandakoak jaialdiaren helburu nagusira hurbiltzen gaitu bete-betean. Izan ere, jaialdia 2015/16 ikasturtean abiatuko den Hizkuntza Gutxituen zikloaren atarikoa izan da. Zikloan hilabetero hizkuntza bat aurkeztuko da: Tamazighta, galiziera, okzitaniera, asturiera, gaskoia, kashubiera… eta beste hainbat hizkuntzen egoera soziolinguistikoa eta erabilera eremua aztertu eta jatorrizko hiztunekin solasaldi eta tailerrak egingo dira. Hizkuntza horietan egindako musika, zinea eta bestelako eskaintza kulturala ere egongo da. Irailean osatuko dugu informazioa.