Hitz adina mintzo hizkuntza gutxituak ezagutzeko zikloak oraingoan Tamazightera hurbilduko digu. Otsailaren 17an El Kaissa Ould Braham idazle eta itzultzaileak hizkuntza aurkeztuko du. Saioa gazteleraz izango da. Otsailaren 18an Arrhash (Pozoia) dokumentala eskaini eta Tarik el Idrissi zuzendariarekin solasaldia egingo da. Bi ekitaldiak arratsaldeko 19:00etan izango dira.
Tamazightera herri amazightaren hizkuntza da, bereber bezala ezagunagoak. Afrika ipar-mendebaldeko herri honek hainbat hizkuntza ditu eta tamazightera da horietako bat. 3.600.000 hiztun inguru ditu.
El Kaissa Ould Braham idazle eta itzultzaileak emango digu hizkuntzaren berri. El Kaissa Kabiliako (Aljeria) filologoa da, bere hasierako formakuntza ingeles eta amazigh filologia izanik. Bere jaioterrian irakasle lanetan ibili zen baita “Izuran” egunkarian kazetari lanetan ere. Parisen ikasketa amazightean trebatu zen. Gaur egun Katalunian bizi da. Bertan haur amazightek hizkuntza ikasteko programa bat sortu eta koordinatu du. Horrez gain, ACNUR-eko bi egitasmotan murgilduta dago, errefuxiatuen eta behartutako immigrazioaren ingurukoak, hain zuzen ere. Joseba Sarrionaindiaren Moroak gara behelaino artean? lana katalanera itzultzen ere lagundu zuen.
Javier Radak eta Tarik el Idrissi-k zuzendutako Arrhash (Pozoia) dokumentala zio bat da, partekatutako amets bat, ahanzturan eroritako gertaera bat kontatzeko beharra. 1923 eta 1927 urteen artean espainiar ejerzitoak Rif-eko gerran mostaza-gasez bonbardatu zuen gizarte zibila. Espainia triskantza-metodo hauek erabiltzen lehengoetarikoa izan zen. Haatik, bere hilketak ahanztura egoki batean geratzea lortu zuen. Ia mende bat beranduago, Madrilen bizi den Rif-eko gazte batek gerra horretako azken lekukoen memoria gordetzeko erlojuaren kontrako lasterketari ekiten dio. Gobernu espainiarrak inoiz ez ditu hilketa horiek aitortu, eta biktimak, oso nagusi jada, euren lekukotza hilobira eramateko zorian daude.
Proiekzioarekin batera zuzendarietako batekin, Tarik el Idrissirekin, Skype bitartez solasaldia egingo da. Dokumentalaren inguruan aritzeaz gain, Amazigh herriaren eta hizkuntzaren egoeraz hitz egingo digu.
Martxoan gaskoiera izango da Hitz adina mintzoko hizkuntza protagonista eta apirilean kurduera landuko da. Zikloan orain arte landutako edukiak zikloaren blogean daude jasota.