Hitz adina mintzon, GALIZIERA gertutik

2015-10-20 / oihaneder

Hitz adina mintzo Hizkuntza Gutxituak ezagutzeko zikloak Galiziara hurbilduko gaitu aste honetan. Asteazkenean, urriak 21, Isaac Xubín eta Txerra Rodriguezek galiziera aurkeztuko dute eta ostegunean, urriak 22, Sés abeslari galiziarrak kontzertua eskainiko du. Ekitaldiak arratsaldeko 19:00etan izango dira.

Galiziera Galizian, Asturiaseko mendebaldean, Gaztela eta Leongo Bierzo eta As hitzadinamintzo-urria_webPortelas eskualdeetan eta Cacereseko ipar-mendebaldean hitz egiten den hizkuntza erromantzea da. Egun hiru milioi hiztun inguru ditu eta Galizian izaera ofiziala du. Europan estatu mailako ofizialtasunik ez duen gehien hitz egiten den bigarren hizkuntza da.

Isaac Xubín (A Coruña, 1978) Vigoko Unibertsitatean galiziera Filologian lizentziatua eta galizieraren politika linguistikoan eta plangintzan aditua da. Argitaratuak dituen lanen artean, galiziera-euskara hiztegia nabarmentzekoa da. Berriki Etxepare institutuaren saria jaso du Joseba Sarrionandiaren poemak biltzen dituen Tempo de exilio lanarengatik. Txerra Rodríguez (Derio, 1977) soziolinguista, hizkuntza aholkularia Emunen, Garaigoikoa blogaren kudeatzailea eta Made in Galiza liburuaren itzultzailea da. Galizieraren aldeko mugimenduen berri emango du solasaldi ireki eta parte-hartzailean.

Sés-ek (Maria Xoxe Silvar) Tronzar os valos izeneko bere hirugarren diskan jasotako abestiak eskainiko ditu, rocka eta Hego Amerikako bakarlarien doinuen uztarketa atsegina.

Irailean Andoni Barreña eta Séchu Senderen eskutik abiatutako egitasmo honek munduko errealitate soziolinguistikoaren perspektiba zabaltzea eta aberastea du helburu, euskarak mapa linguistiko horretan duen tokitik abiatuta.

Hilero hizkuntza gutxitu bat aurkeztuko da eta hizkuntzaren ezaugarriak, kokapena, egoera soziolinguistikoa eta berezitasunak hurbiltzeaz gain, hizkuntza horren hiztunekin ekintza desberdinak garatuko dira. Horrekin batera, hizkuntzarekin lotutako ekitaldi kulturala (kontzertua, proiekzioa…) ere egingo da.
Azaroan El Salvadorreko nawatera izango da protagonista eta abenduan galesera. Urtarriletik aurrera asturiera, tamazight-a, kurduera eta gaskoiera landuko dira.