Hitz adina mintzon, asturiera gertutik

2016-01-15 / oihaneder

hitzadinamintzo-urtarrila_webHilean behin antolatzen dugun Hitz adina mintzo hizkuntza gutxituak ezagutzeko zikloak Asturiera hurbilduko digu oraingoan. Urtarrilaren 20an asturieraren egoera aurkeztuko dute Xulio Viejo filologoak eta Anxel del Ríok eta Inaciu Galán y Gonzalezek, Xunta Pola Defensa de la Llingua Asturiana (XDLA) eta Iniciativa pol Asturianuko kideak, hurrenez hurren. Urtarrilaren 21ean Corzobeyos folk talde asturiarraren kontzertua egongo da. Bi ekitaldiak arratsaldeko 19:00etan izango dira.

Asturiera asturleonera hizkuntza-taldearen mintzorik hedatuena da. Gaur egun, batez ere Asturiasen hitz egiten da eta 300.000 hiztun inguru ditu. Academia de la Llingua Asturianak araututa, sasi-ofizialtasun batean oinarritutako lege babesa du. Hori dela eta bertako hainbat eragile buru-belarri ari dira ofizialtasunaren aldeko aldarrikapenarekin.

xulio viejo argazkiaXulio Viejo (Uviéu, 1968) Oviedoko Unibertsitatean Filologia Erromanikoan lizentziatua da. Bere jardun akademikoa (ikerkuntza eta irakaskuntza) linguistika eta literatura asturiarrean oinarritzen da. Soziolinguistika, pragmatika eta sintaxiari buruzko hainbat lan argitaratu ditu eta asturierari dagokion hizkuntzalaritza konputazionalaren lehen proiektuaren (Corpus Xeneral de la Llingua Asturiana) bultzatzailea izan da, besteak beste. Korpus horretan oinarrituta sortu zen lehen gaztelera-asturiera itzultzaile automatikoa.  Egun Wedisyn sareko kidea da, penintsula eta Europako bariazio sintaktikoa ikasten duen mugimendua. Era berean Asturiaseko Filoloxía aldizkariko zuzendaria da eta asturieraz hainbat literatura lan idatzi ditu.

Anxel del RíoAnxel Del Río (Uviéu, 1983)  Unibertsitateko informatika irakaslea da,  adimen artifizialean espezializatua. Xunta Pola Defensa de la Llingua Asturiana (XDLA) erakundeko kidea da, asturiera eta asturiar hiztunen eskubide linguistikoak defendatzea xede duen erakunde sozial, independiente eta apolitikoa. Xuntaz gain, azken 10 urteetan asturiarraren aldeko elkarte eta alderdi politiko desberdinetan ibilitakoa da.

INACIU ONX_XINEBRAInaciu Galán y Gonzalez (Xixon, 1986) kazetaria da eta Iniciativa pol Asturianu elkarteko lehendakaria. Besteak beste, Formientu aldizkariaren sortzailea da baita  Conceyu Universitariu pol Asturianu (CUPA) erakundekoa ere.  Xuan María Acebal Ateneo Kulturalaren idazkaria ere bada eta askotariko erakundetan hartzen du parte; Periodistes pol Asturianu, Internautes pol Asturianu, Ondargüeyos, La brisa del Xapón, Xareos!… esaterako.  Horrez gain, 2015etik ALCEM (Association pour las langues et cultures européens menacées) nazioarteko erakundeko kidea da. Ikerlari bezala Academia de la Llingua Asturianako hainbat sari jaso ditu.

corzobeyosCorzobeyos, escorzobeyos, cordobeyos… izenarekin ezagutzen dira Asturiaseko ekialdean “gamusinoak”, kondairak dioenez gauen soilik ehiza daitezkeen alegiazko animali iheskorrak. Corzobeyos ere bada José Martínez (ahotsa eta gitarra), Daniel Álvarez (buzukia, gaita eta bodhran-a) eta Serxu Luacesek (zeharkako flauta) osatutako folk hirukote asturiarra. Musika tradizionalean eskarmentu handiko hiru musikariek musika-geografia asturretik bidaiatzera gonbidatzen gaituzte, jota, muñeira, habanera, tonada eta bestelako doinuekin.

eskuorria_webOtsailean tamazightera izango da Hitz adina mintzoko hizkuntza protagonista eta ostean gaskoiera eta kurduera landuko dira. Zikloan orain arte landutako edukiak hitzadinamintzo.blogspot.com.es blogean daude jasota.