Lenkera, gaelera, aragoiera… Hitz Adina Mintzo bueltan

2016-09-16 / oihaneder

Hitz Adina Mintzo hizkuntza gutxituak ezagutzeko zikloaren bigarren ikasturtean Irlandako gaelera, erdialdeko Amerikako lenkera eta aragoiera hizkuntzak landuko dira, besteak beste. Ikasturteko egitarau osoa irailaren 21ean aurkeztuko da, Arabako Campusean eguerdian eta arratsaldean Euskararen Etxean. Aurkezpenean Carme Junyent hizkuntzalariak Nola akatzen dira hizkuntzak” hitzaldia eskainiko du.

HAM_kartelaHitz Adina Mintzok zazpi hizkuntza gutxitu hurbilduko dizkigu 16/17 ikasturtean, urritik apirilera bitartean. Hilero, hiztun ezberdinek, nor bere hizkuntzan aditua, hizkuntza bat aurkeztuko dute. Hizkuntzen egitarau osoa irailaren 21ean, asteazkena, aurkeztuko da, 12:00etan EHUko Letren Fakultatean eta 19:00etan Oihanederren. Zikloaren nondik norakoak azaltzearekin batera, bi aurkezpenetan Carme Junyent hizkuntzalari katalanak “Nola akatzen dira hizkuntzak” hitzaldia emango du.

Junyentek hizkuntza ordezkapen edo heriotzaren prozesuek dituzten hiru faseak -komunitatea elebidun bihurtzea, transmisioa etetea eta hizkuntzaren heriotza- izango ditu hizpide. Izan ere, munduko hizkuntzen %50 azken bi faseetan dago, hau da, ziur asko atzera egin ezineko egoera batean. Beste %40 lehen fasean dago, prozesua iraultzea posiblea denean, alegia. Hitzaldia katalanez izango da.

Carme Junyent hizkuntzalaritza orokorreko irakaslea da Universitat de Barcelonan eta Grup d’Estudi de Llengües Amenaçades (GELA) taldeko zuzendaria. Hainbat libururen egilea ere bada; Les llengües del món (1989), Vida i mort de les llengües (1992), La diversitat lingüística (1999), El rol de les llengües dels alumnes a l’escola (2013)… Gaur egun etorkinen hizkuntzen eta eurekin egin daitekeen kudeaketaren inguruan dihardu lanean.

Hitz Adina Mintzok munduko errealitate soziolinguistikoaren perspektiba zabaldu eta aberastea du helburu. Euskaldunok ondo dakigu zer den hizkuntza gutxitu baten hiztunak izatea. Testuinguru honetatik abiatuz, zikloak munduko hizkuntza aniztasuna balorean jarri eta ezagutarazi nahi du. Saio bakoitzean marko teorikoa eskaintzeaz gain hizkuntzaren oinarrizko kontzeptuak ikasteko tailerrak egingo dira. 2. ikasturte honi maiatzean emango zaio amaiera Udaberri jaia hizkuntza gutxituen musika jaialdiaren edizio berri batekin.

Zikloaren lehen ikasturtean, 2015/2016, galiziera, nawatera, galesera, asturiera, tamazightera, gaskoiera eta kurduera hizkuntzak aurkeztu ziren (ikusi zikloaren bloga).

Honako bideoan Beñat Garaio, HAMeko gidariak, aurreko ikasturteko zikloaren nondik-norakoak hurbiltzen ditu: