Gazte Sortzaileak beka, 21.000 €, gazteen euskarazko kultur proiektuak sortzeko

2017-03-21 / oihaneder

Gasteizko Udalak gazteek sortutako kultur proiektuetarako Gazte Sortzaileak beken edizio berrirako deialdia egin du, Euskara eta Gazteria zerbitzuen ekimenez. Lehiaketaren hirugarren edizioak orotara 21.000 €ko aurrekontua du, eta Aldundiko Euskara Zerbitzuaren eta Oihaneder Euskararen Etxearen lankidetza izango du.

Helburu hauek ditu ekimenak: euskarazko kultur sorkuntza sustatzea, gazteei sormena garatzeko espazioak eskaintzea, eta gure hizkuntzak Gasteizko kultur programazioan pisu handiagoa izan dezan laguntzea.

Gasteizko Udalaren deialdia 16 eta 35 urte bitarteko pertsonei zuzenduta dago, eta euskarazko kultur ekimen originalak sustatu nahi ditu, tamaina txikikoak, eta bereziki ahozkotasunarekin lotuak: antzerkia, bakarrizketa, poesia, musika, bertsolaritza, ikus-entzunezkoak edo genero horien arteko nahasketak. Orobat, alderdi hauek hartuko dira aintzat: aurkeztutako ideien originaltasuna, proiektuen betekizun tekniko eta ekonomikoak, genero-berdintasuna sustatzea eta tolerantzia eta kultura aniztasuna bultzatzea.

Azken edizioan hiru lan hautatu ziren, eta laster ikusi ahalko dira emaitzak:

Isturitzetik Etiopian barrena

Martxoaren 23an, Beñat Goitiaren Isturitzetik Etiopian barrena izeneko ikuskizuna aurkeztuko da, Oihanederreko Ortuño aretoan, 19.30ean.

Jainko bat

Martxoaren 26an, Marina Suárezen Jainko bat lana eskainiko da Baratza aretoan, 19.00etan.

Gasteizko kultura alternatiboaren Story Map-a

Apirilaren 6an, Iñaki Landak Gasteizko kultura alternatiboari buruz egindako Story Mapa aurkeztuko du 19:00etan Oihanederretik abiatuko den aurkezpen ibiltarian.

Info +: hemen