Gasteiztarrak Arraun The World 2016 argazki-hizki lehiaketan saritutako argazkiak azaroaren 1era arte daude ikusgai Oihaneder Euskararen Etxean. Era berean, urrian zehar bidaien aurkezpen publikoak egingo dira hiriko auzo desberdinetan. 30 urtetik gorakoen atalean “Banda uharteak: espezieen baso eta itsaso zabalaren artean“ eta “Turbantea buruan eta ibili munduan” izeneko lanak gailendu dira. 30 urtetik beherakoen artean aldiz “Greziarako karabana“ eta “Malkoak baino gaziago”.
Guztira 22 lan aurkeztu dira, bi epez kanpo, beraz epai-mahaiak 20 lanen artean egin du aukeraketa. Aurten publiko gaztea erakartzeko xedez, lehiaketa Gauekoak-ekin elkarlanean antolatu da. Hori dela eta, saria (asteburu pasa kulturala Durangoko Euskal Liburu eta Diska Azokan) bi kategoriatan banatu da. 30 urtetik gorakoen atalean Aizkoa Madinabeitia eta Ion Etxebarriaren “Banda uharteak: espezieen baso eta itsaso zabalaren artean” eta Ibon Marcos eta Diego Gomezen “Turbantea buruan eta ibili munduan“ lanak gailendu dira, Indonesiako Banda uharteak eta Maroko protagonista dituztenak, hurrenez hurren. 30 urtetik beherakoen artean, Amaia Mintegik eta Eneko Diaz de la Bárcenak Greziako errefuxiatuen inguruan egindako “Greziarako karabana” proiektua eta Jon Gilek “Malkoak baino gaziago” izenpean Euskal Herriko txoko desberdinetan zehar burututako bidai poetikoaren emaitza izan dira sarituak.
Saritutako lanetako hainbat argazki ikusgai daude azaroaren 1era arte Oihaneder Euskararen Etxeko bigarren klaustroan antolatutako argazki erakusketan. Horrekin batera, lan sarituen aurkezpen publikoak egingo dira urrian zehar. Zehazki urriaren 18an Orient Express tabernan Greziako esperientzia azalduko dute Mintegik eta Diaz de la Bárcenak Zizta Euskara Taldekoekin elkarlanean antolatutako aurkezpenean. Urriaren 20an Aizkoa eta Ionen txanda izango da. Geu elkartearekin batera antolatutako hitzaldian Banda uharteak izango dituzte hizpide alde zaharreko Hala Bedi tabernan. Hilaren 25ean Marokoraino bidaiatzera gonbidatuko gaituzte Ibon Marcosek eta Diego Gomezek. Sarburu Kultur Elkartearen ekimenez antolatako hitzaldia Salburuako Koxka tabernan izango da. Azkenik 27an Jon Gilek Euskal Herriko kostalde gazia Itziar Elkarteen Etxera eramango du Gauekoak-en bitartez. Aurkezpen guztiak arratsaldeko 19:00etan izango dira.
Erakusketa ikustera eta aurkezpen publikoetara doazenen artean Durango inguruko Garaiko Landetxean bi pertsonentzako gau bateko egonaldia eta gosaria zozkatuko da (denboraldi baxuan, zubietatik eta udatik kanpo). Zozketan parte hartzeko erakusketan eta aurkezpenetan eskuragai egongo diren eskuorria bete beharko da. Zozketa azaroaren 2an izango da.
Argazki erakusketaren inaugurazia: