Gasteiztarrak arraun the world izenpean udan egindako argazki lehiaketak baditu irabazleak. Guztira 18 lan aurkeztu dira lehiaketara, 450 argazki inguru, eta horietatik bost saritu dira, Portugal, Brasil, Kanbodia, Laos, Taildandia eta Ekuadorreko irudiak.
Anne Baskaran “Lusitaniar herrialdean zehar” izeneko argazki-sortarekin suertatu da irabazle eta Jokin Zurutuza “Ekuadorrek bizitza maite du” lanarekin. Imanol Berrio “Nere begiak Indotxinan” sortagatik izan da saritua, Diego Apellaniz “Haurren herriak” izenekoagatik, Laos eta Kanbodiako argazkiak, eta Iñaki Etaio Brasilen egindako argazkiengatik. Azken honek “Etxalde baten okupazioaren argazki-kronika” izenburua eman dio bere lanari.
Gasteizko euskalgintzako elkarte desberdinetako kideek (GEU elkartea, Gasteizko mintzalaguna, Sarburu Kultur Elkartea, Lazarraga Kultur Elkartea eta Zabalganako Euskara Batzordea) eta Arte eta Lanbide Eskolako argazkilaritza irakasle batek osatu dute epaimahaia.
Lan sarituen egileek aurtengo Durangoko azokan asteburu pasa irabazi dute, gau bateko egonaldia eta 150 € azokan gastatzeko. Horrez gain, saritutako sorta bakoitzeko bost irudiekin, 25 guztira, argazki erakusketa egingo da Oihaneder Euskararen Etxean. Erakusketa urriaren 30etik abenduaren 17ra bitartean egongo da ikusgai ur-biltegira bideko arrapalan. Erakusketa urriaren 30ean arratsaldeko 19:00etan inauguratuko da argazkien egileekin.
Honekin batera, argazkietan jasotako bidaien aurkezpen publikoak egingo dira azaroko astearte guztietan baita abenduko lehenengoan ere. Aurkezpenak auzo desberdinetako mintzalagun tabernetan antolatu dira, epai-mahaia osatu duten elkarte desberdinekin elkarlanean.
Aurkezpenen egutegia:
- Azaroak 3, 20:00: “Lusitaniar herrialdean zehar” (Portugal). Oasis taberna (Olagibel 45, erdigunea) *GEU elkartearekin elkarlanean.
- Azaroak 10, 18:00: “Nere begiak Indotxinan” (Kanbodia-Tailandia. Koxka taberna (Salburua Bulebarra 3, Salburua) *Sarburu Kultur Elkartearekin elkarlanean.
- Azaroak 17, 19:00: “Ekuadorrek bizitza maite du” (Ekuador). Urbeltz taberna (Ozeano Barea 9, Zabalgana) *Zabalganako Euskara Batzordearekin elkarlanean.
- Azaroak 24, 20:00: “Haurren herriak” (Laos-Kanbodia). Hordago taberna (Fray Facarías Martinez 2, alde zaharra) *Lazarraga Kultur Elkartearekin elkarlanean.
- Abenduak 1, 20:30: “Etxalde baten okupazioaren argazki-kronika” (Brasil). Zurrupa taberna (Angulema 12, erdigunea) *Gasteizko Mintzalagunarekin elkarlanean.