Gasteiztarrak hirugarren urtez, Arraun The World!

2017-08-20 / oihaneder

Abian da hirugarren urtez Gasteiztarrak Arraun The World udako argazki-hizki lehiaketa. Iaz bezala, Oihaneder Euskararen Etxeak eta Gauekoak-ek elkarlanean antolatu dute, hainbat eragilerekin batera. Proposamena: 2017ko udan munduan zehar eginiko bidaia argazki eta hitzen bitartez kontatzea. Ohiko sariez gain, aurten Publikoaren Gazte saria ere izango da.

Gasteiztarrak Arraun The World udako argazki-hizki lehiaketa 2017ko ekainaren 21etik irailaren 21era bitartean egongo da abian, biak barne.

Iazko emaitza ezin hobea ikusirik, Oihanederren eta Gauekoak-en arteko lankidetza berrestea eta gazteen parte hartzea zabaltzeko aukerak hobetzea adostu da.

Era honetan, parte hartzeko bi modu izango dira:

1.-Argazki-hizki lehiaketa: hogei argazkidun argazki-sorta aurkeztu behar da eta argazki-sortari eta argazki bakoitzari euskarazko izenburua jarri. Horrekin batera, egindako bidaiaren azalpen laburra bidali behar da oihaneder@oihaneder.eus 18 urtetik gorako pertsonei zuzenduta.

2.-Publikoaren gazte saria: bost argazki igo behar dira Instagram-era egindako bidaia deskribatzen duen euskarazko izenburuarekin batera. Horrez gain, #GAW2017 traola erabili eta @gauekoak eta @oihanedereuskararenetxea aipatu beharko dira. 16 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzenduta.

Argazki-hizki lehiaketara aurkeztutako lanen artean lau argazki-sorta sarituko dira, 250 € sorta bakoitzeko. Saritutako lanen egileek abenduan Durangoko Euskal Liburu eta Disko azokan asteburu pasa irabaziko dute: 2 pertsonentzako bi gautako egonaldia Durango ondoko Garaiko landetxean (150 €) eta azokan gastatzeko 100 €ko bonoa.

Instagram bidezko Publikoaren Gazte Sariari dagokionez, “atsegin” gehien dituen argazki-sortak irabaziko du eta bere egileak Durangoko azokan gastatzeko 100€ko bonoa izango du saritzat.  Aurten beraz 16-30 urte bitarteko gazteek bi modutara hartu ahalko dute parte: 20 argazki eta bidaiaren azalpen testua e-postaz bidaliz, edo Instagram-era 5 argazki igoz.

Udazkenean argazki-hizki lehiaketan saritutako lau argazki-sortekin erakusketa egingo da Oihaneder Euskararen Etxean. Berrikuntza gisa pantaila digital batean lehiaketara aurkeztutako argazki guztiak ikusi ahal izango dira.

Horrekin batera, lau irabazleek aurkezpen publikoa prestatu beharko dute argazkien bitartez egindako bidaia kontatzeko. Aurkezpenak Gasteizko lau auzo desberdinetan antolatuko dira, euskararen normalizazioaren testuinguruan lan egiten duten GEU, Sarburu eta Zizta elkarteekin elkarlanean.

Lehiaketaren oinarriak: Oinarriak_GasteiztarrakArraunTheWorld_2017