Neguko hotzak atzean utzi eta udaberrian sartzearekin bat, Oihanederrek urtaro berrirako prestatu duen kultur egitaraua abian jarri du. Gogotsu heldu dio ekainera bitartean luzatuko den hiruhilabeteko honi, eta horren adierazgarri da antolatutako ekitaldi andana.
20 jarduera inguru, eta ia gehienetan nabarmentzekoa den ezaugarri amankomun 1: elkarlana. Oihanederrek 6 urte daramatza apiril, maiatz eta ekaineko hilabeteetan Gasteizko hainbat eragilerekin jaialdi ezberdinetan kolaboratzen, elkarlanean aritzen. Oihanederreko jardunaren eta helburuen oinarrietako bat izaki, urte hauetan guztietan horretan saiatu dira: Poetak Maiatzean, Zurrunbilo, IkerGazte, JalgiVoz eta Laburbira dira oihanedertarren etxean lekua izango dutenak oraingoan; eta horretaz gain, beste hilabete batzuen jarraipena izango dutenak: Begi-Belarri, Hitz Adina Mintzo, Eragiteko Janzten, Ahoskera Laborategia eta Batera deialdiko aurkezpen publikoak.
Jaialdiak, jardunaldiak, aurkezpenak, zinema zikloak, topaketak, mahainguruak, ikastaroak… eta guztiak kulturgintzako eta euskalgintzako beste eragile batzuekin elkarlanean antolatuak: GEU elkartea, Baratza, Parasite kolektiboa, Topagunea, UEU, Hunkitu arte elkartea, IKA, AEK, Gauekoak, ALEA, JALGI!VOZ festival… Dozena bat elkarte, talde, kolektibo, erakunde… eta hauetan guztietan norbanako euskaltzale eta kulturzale ugari temati; kultura segurua dela erakutsi nahi duten eragileak, euskal kultura balore segurua dela ozen aldarrikatu nahi duten eragile tematiak.
Berrikuntzentzat ere tartea gorde dute Oihanederren hiruhilabeteko honetan, izan ere, Taulara mikroantzerki lehiaketaren lehenengo edizioa jarri dute martxan. Formatu txikiko antzerki-lan eta bakarrizketentzako deialdi irekia da. Lehiaketa honek euskarazko antzezlan laburren sormena suspertu nahi du, eta aldi berean, antzerki munduko norbanakoei eta taldeei antzezlan laburrak garatzeko aukera berri bat eskaini. Hiru lan aukeratuko dira jasotako proposamen guztien artean eta bakoitzak 600 €-ko saria jasoko du. Lan irabazleak ekainaren 18an aurkeztuko dira Oihanederren, eta saio honetan emango da laugarren saria, publikoarena. Proposamenak bidaltzeko epea martxoaren 29tik maiatzaren 3ra arte egongo da zabalik (biak barne).
Aipatu behar da Oihanederren webgunea izango dela informazio iturri zehatza: eguneratuta egongo da, behin betiko informazioa emango du, eta pandemia egoerak sortzen dituen azken orduko egokitzapenak bertan eguneratuko dira.
Bestalde, pandemia honek eragindako neurriak betetzen jarraitzea beharrezkoa da (higienea, segurtasun distantziak, edukieraren kontrola…). Segurtasun baldintzak bermatzeko neurriak guztion ardura eta erantzukizun bihurtu dira.
Honi lotuta, udaberriko programazioko jarduerak doakoak diren arren (ikastaro eta jardunaldiak izan ezik), gonbidapena aurrez eskuratu beharko da ohiko moduak erabilita (oihaneder@oihaneder.eus helbidera idatzita, telefonoz eskatuta edota oihaneder.eus bidez). Ikastaro eta jardunaldietan izena eman behar da.