Abenduaren 3an ospatuko den Nazioarteko Euskararen egunaren bueltan egitarau mamitsua prestatu dute Arabako eragile desberdinek azaroak 26tik abenduaren 3ra bitartean.
“Gasteizen 365 egun euskaraz bizi nahi dugu” lemadun programa azaroaren 26an hasiko da. Mintzodromoa, Kantari Gasteiz karaokea, kontzertuak, antzerkia, erakusketak, filmak eta kalejira bezalako ekimenak egingo dira. Euskara Zerbitzuko zinegotzi Iñaki Prusillak nabarmendu egin du Euskararen Astean parte hartzen duten taldeen lankidetza, eta Gasteizen egingo diren ekitaldietan, bereziki abenduaren 3an, parte hartzera gonbidatu ditu herritarrak. Igone Martinez de Luna Euskara, Kultura eta Kirol saileko foru diputatuak lurralde guztiari egin dio gonbidapena “urteko 365 egunetan zehar euskaraz bizitzeko” eta erakunde eta elkarteen arteko “elkarlana” azpimarratu du baita ere, “euskararen erabilera sustatzeko denok baikara beharrezko”.
Esan bezala, jarduerak larunbat honetan hasiko dira, hilaren 26an, Zabalgana auzoan. Zehazki Mintzodromo familiarra eta etorkinen integrazioa eta bertakoen egokitzapenari buruzko Jon Maiaren hitzaldia egingo dira. Azaroaren 27an Kantari Gasteiz Karaokea egingo da, Vital Fundazioaren laguntzarekin. 29an, berriz, Kirmen Uriberen “Elkarrekin esnatzeko ordua” nobelaren irakurraldia egingo da Oihaneder Euskararen Etxean. 30ean goizean #Gasteizenbaieuskarari mintzodromoa hartuko du Oihanederrek eta arratsaldean, 19:30ean ‘Aginako zero bat’ ikuskizuna.
Abenduaren 1ean Xake Produkzioak ekoitzitako ‘Mami lebrun’ izeneko antzezlana izango da Principal Antzokian. Eta ostegunean ere, Jimmy Jazzen 20:30etik aurrera Zea Mayesen kontzertua egongo da. Oihanederrk 10 sarrera zozkatzen ditu ekitaldi bakotzerako, antzerkia eta kontzertua.
“Mami lebrun” abenduaren 2an ere errepikatuko da, hainbat zentrotako ikasleentzat. 2an bertan ere, Euskararen Ginkanaren finala egingo da Oihaneder Euskararen Etxean, eta 2016ko Vitoria-Gasteiz itzulpen sariak banatuko dira. Arratsaldean urtarrilaren 8ra arte ikusgai egongo den Laboa gertutik musika-instalazioa inauguratuko da 19:00etan eta 20:00etan Txoriak dantza ikuskizuna egongo da.
Abenduaren 3, Euskararen Eguna, ekitaldiz beteta egongo da. Eguerdiko 12:00etan Eskoriatza Eskibel jauregian “Euskaldun Berria plaza” plaka historiagrafiatua agertzeko ekitaldia egingo da. Bertan, Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta erakunde adierazpena irakurriko da. Jarraian, lore eskaintza egingo da Izaskun Arrue gogoan. Bestalde, 12:00etan ere Florida zinemetan umeentzako Zikoinak filma ikusgai egongo da. Arratsaldean Arabako Bertsozale Elkarteak Euskaraz Bizi Nahi dugu bertso bideo-kliparen aurkezpena egingo du 19:00etan Oihanederren eta ostean, 19:30ean, ALEA aldizkariak Erronken Zuhaitza inauguratuko du. Ondoren, Euskararen Etxetik bertatik kalejira abiatuko da Andre Maria Zuriaren plazaraino eta bertan GEU elkarteak antolatuta Euskarak 365 egun kandelen mosaikoa piztuko da.
Antolatzaileak: Geu elkartea, Bai Euskarari Elkartearen Ziurtagiria, ALEA aldizkaria, Oihaneder Euskararen Etxea, Euskaltzaleon Topagunea, Euskara Zabalduz Zabalganan, Laboral Kutxa, Arabako Bertsozale Elkartea, Jimmy Jazz Gasteiz, UPV-EHUko Mikel Laboa katedra, Berritzegune, Vital Fundazioa, Diario de Noticias de Álava, eta Principal Antzokia.