Aurten lehenengo aldiz Oihaneder Euskararen Etxeak eta Montehermoso Kulturuneak Gabon zinema ekimena elkarlanean antolatu dute. Gabonak familia giroan euskaraz gozatzea du helburu ekimen honek.
4 izango dira urtarrilaren 2tik 5era bitartean eskainiko diren filmak: Ballerina, Printze Txikia, Lur eta Amets eta Loving Vincent. Lehenengo hiru filmak, 3 urtetik aurrerako txikiei zuzenduta daude, eta hirurak euskaraz izango dira. 12 urtetik beherako txikiek heldu batek lagunduta egon beharko dute emanaldietan. Azken filma, berriz, Loving Vincent, 12 urtetik gorako gaztetxoei zuzenduta dago; filma jatorrizko hizkuntzan, ingelesez, eskainiko da eta euskarazko azpitituluak izango ditu.
Saioei dagokienean, film bakoitzak 2 saio izango ditu, bata, goizez, 12:00etan, eta bestea, arratsaldez, 17:30etan.
Saio guztietarako gonbidapenak eskuratu beharko dira, datorren ABENDUAREN 14KO 9:00ETATIK AURRERA.
Ballerina, Printze txikia eta Lur eta Amets pelikuletarako gonbidapen guztiak agortuta daude.
Loving Vincent pelikula ikusteko berriz, honako bi modu daude erabiltzaileen eskura:
- Bibe plataformaren bitartez.
- Telefonoz /945 161830/ 10:00etatik 20:00etara astelehenetik – ostiralera (jaiegunetan izan ezik).
Lagun bakoitzak 4 gonbidapen eskatu ditzake bakarrik; haur eta heldu guztiek izan behar dute beren gonbidapena. Gonbidapenak inprimatuta edo edozein gailu mugikorretan erakutsi daitezke.
Hona hemen egitarau osoa:
- Urtarrilak 2, 12:00etan / 17:30etan: BALLERINA
- Urtarrilak 3, 12:00etan / 17:30etan: PRINTZE TXIKIA
- Urtarrilak 4, 12:00etan / 17:30etan: LUR ETA AMETS
- Urtarrilak 5, 12:00etan / 17:30etan: LOVING VINCENT *Filmazpitekin elkarlanean
Ekimen honek Laboral Kutxaren babesa jaso du.