Gabonetan familia giroan euskaraz gozatzeko iaz abian jarritako “Gabonetan jai” ekimena bueltan da Oihanederren.
Aurten urtarrilaren 2, 3 eta 4an lau ikuskizun egongo dira. Zehazki, urtarrilaren 2an Eneko Etxebarrietak eskaintza bikoitza egingo du. Hasteko, 11:00etan 1-3 urte bitarteko umeei zuzendutako “Baso magikoa” ikuskizuna eskainiko du eta 12:00etan helduagoentzako (3-6 urte bitartean) “Faustinarekin munduratuz” izenekoaren txanda izango da.
Urtarrilaren 3an Eidabe antzerki taldeak “Futbolariak eta printzesak” lana taularatuko du 12:00etan. Ikuskizun hau 6-13 urte bitarteko umeentzako pentsatuta dago. Azkenik, hilaren 4an “Kirikiñolandiako titiriteroak” ikuskizuna ekarriko du Zurrunka antzerki taldeak, 12:00etan baita ere eta 3-12 urteko umeentzako.
Sarrera doakoa da lekuak bete arte. Ateak ikuskizunak hasi baino ordu erdi lehenago zabalduko dira eta umeek gurasoak edo beste helduren batek lagunduta egon behar dute.
Ikuskizunak zehatz-mehatz:
- “Baso Magikoa” (1-3 urte): Txikientzako proposamen aberasgarria, bere beharrei eta mundua ikusten duten ikuspuntuari egokituta, errealitate berria eraikitzen lagunduko diena. Ikuskizunean Enekoren bidaiak eskainiko dira eta horien bitartez umeek hurbilak dituzten bizigarriez gain, gure planetaren aniztasunarekin harremana duten bizigarri unibertsalagoak ere jasoko dituzte.
- “Faustinarekin Munduratuz” (3-8 urte):Ekimen artistiko, hezitzaile eta umoretsu honetan Enekok txirringaz munduari emandako bira (4 urte, 46.000 kilometro, 32 herrialde) aurkeztuko du. Enekok eta Faustinak (bere txirringak, txirrinaren bidez hitz egiteko ahalmena duena) haurrak telebista utzi eta beraiekin munduratu daitezen gonbidatzen dituzte: mundua pedalei eragiten ezagutzeko.
- “Futbolariak eta printzesak” (6-13 urte): Odei eta Lur klasetik ihes egin duten neska eta mutila dira. Besteengandik ezberdin sentitzen dira, ez dituztelako neska ala mutil bati egozten zaizkion arauak bete nahi. Lurrek, Lur izan nahi du eta Odeik, Odei, inork esan gabe nola jokatu behar duten; mutila izateagatik futbolean jokatu behar duen ala neska izateagatik printzesak atsegin behar dituen. Topiko sexistekin hautsi nahi duen haur eta gaztetxoentzako komedia azkarra.
- “Kirikiñolandiako titiriteroak“ (3-12 urte): Zapa eta Domeka, herriz herri eta hiriz hiri ibiltzen diren titiritero bikote bat da. Baina gaurkoan, ezingo dute haien emanaldia gauzatu, txotxongiloak, betiko istorioaz aspertuta eta nekatuta, matxinatu egin zaizkie. Eta orain, zer? Lasai, Maskarpone eta Kapri txotxongiloek, ikuskizuna aldatuko duen sorpresa polit bat prestatu baitute. Beraz, itzali argiak, zabaldu errezelak… itzalak, dantzan hastera doaz eta!