Udaberri honetako programazioaren barruan, Oihaneder Euskararen Etxeak antolatu duen berrikuntzetako bat izango da Taulara lehiaketa: formatu txikiko antzerki-lan eta bakarrizketentzako deialdi irekia, alegia. Lehiaketa honek euskarazko antzezlan laburren sormena suspertu nahi du, eta aldi berean, antzerki munduko norbanakoei eta taldeei antzezlan laburrak garatzeko aukera berri bat eskaini.
Antzerki lan laburrentzako eta bakarrizketentzako plaza izango denez, formatu txikiko proposamenak izan beharko dira, atrezzorik gabeak: antzezlanek gutxienez 15 minutuko iraupena izan beharko dute eta gehienez 20 minutukoa. Euskara hutsean izan beharko dira. Lanaren gidoia edo emanaldi baten bideoa aurkeztuko beharko dute 18 urtetik gorako interesdunek (oihaneder@oihaneder.eus helbidera bidalita), eta horretarako 5 asteko epea izango dute, martxoaren 29tik maiatzaren 3ra arte, hain zuzen.
Aurkezten diren proposamen guztietatik, epaimahaiak 3 lan aukeratuko ditu, eta lan irabazle bakoitzak 600 €-ko saria jasoko du. Aukeraketa burutzeko epaimahaiak proposamenen kalitatea eta antzezgarritasuna, deialdi honetarako beren-beregi sortutako proposamena izatea, genero ikuspegia eta emakumeen eta 35 urtetik beherako gazteen presentzia hartuko ditu irizpidetzat. Aukeratuko den hiru proposamen hauetako bat gutxienez, Arabakoa izango da.
Hiru lan irabazleak ekainaren 18an Oihanederren aurkeztuko dira. Aurkezpen publikoa prestatzeko beste 5 asteko epea izango dute irabazleek, ekainaren 15era arte. Aurkezpenean publikoaren saria (500 €) jasotzeko aukera izango du hiru lan hauetako batek.