Euskara Pantaila Handian abian da, euskara ikasleei euskarazko zinema eskaintzeko Oihaneder Euskararen Etxeak eta Gasteizko euskaltegiek elkarlanean antolatutako ekimena. Azarotik apirilera sei film proiektatuko dira. 1200 euskara ikasle inguru hurbilduko da Euskararen Etxera euskarazko zinemaz gozatzera.
Euskara Pantaila Handian ekimenaren bitartez, Oihanederrek eta AEK, Mondragon Lingua, Bai & By, Hegoalde, Udaberria eta IKA euskaltegiek euskarazko pelikulak ikusteko aukera luzatu nahi diete Gasteizko euskara ikasleei. Hilean behin pelikula bat proiektatuko da, zehazki bi pase, bat goizean eta bestea arratsaldean. Pase bakoitzean 100 ikaslerentzako tokia egongo da, 200 ikaslerentzako film bakoitzeko. Orotara, azarotik apirilera, 1200 ikasle hurbilduko dira Oihanederrera euskarazko zinemaz gozatzera. Eskainiko diren pelikula gehienak euskaraz ekoitzitakoak izango badira ere, euskarara bikoiztutakoak ere egongo dira. Euskaltegiek pelikula bakoitzaren unitate didaktikoa prestatzeko ardura hartu dute proiekzioa baino egun batzuk lehenago ikasleekin lanketa berezia egiteko.
Lehen proiekzioa azaroaren 10ean izango da eta Euskaldunon Egunkariaren historia jasotzen duen Gaur irekiko ditu ateak dokumentala eskainiko da. Abenduan 2016an Donostiako Zinemaldian estreinatutako Kalebegiak pelikularen txanda izango da. Urtarrilean euskarara bikoiztutako Egun handia dokumentalaren txanda izango da. Otsailean Pikadero eskainiko da eta martxoan Jai Alai Blues.