Euskara pantaila handian, 6 film, ehundaka begi

2017-04-05 / oihaneder

Euskara pantaila handian ekimenaren lehen edizioan Gasteizko euskaltegietako ikasleek euskarazko 6 film izan dituzte ikusgai Oihaneder Euskararen Etxean. Hilero film bat eskaini da; Gaur irekiko ditu ateak, Kalebegiak, Egun handia, Pikadero eta Jai Alai Blues, egunean bi pase. Ostegunean, apirilak 6, azkena proiektatuko da, Lucio dokumentala, hain zuzen ere. Ekimen honen bitartez 700 euskara ikasletik gora hurbildu da Euskararen Etxera euskarazko zinemaz gozatzera.

euskara-pantaila-handian_lucioEuskara pantaila handian egitasmoaren bitartez, Oihanederrek eta AEK, Mondragon Lingua, Bai & By, Hegoalde, Udaberria eta IKA euskaltegiek hilero euskarazko pelikulak  pantaila handian ikusteko aukera luzatu nahi izan diete Gasteizko euskara ikasleei.

Horiek horrela, hilean behin pelikula bat proiektatu da, bi pase egunean, goizean eta arratsaldean. Proiekzio gehienak dokumentalak izan dira, batzuk euskaraz ekoitzitakoak eta besteak euskarara bikoiztutakoak. Gainera, pelikulen unitate didaktikoak prestatu dira. Hilabete bakoitzean euskaltegi batek hartu du unitatea egitearen eta gainontzeko euskaltegiekin elkarbanatzearen ardura. Horrela, proiekzioa baino egun batzuk lehenago filma ikustera joango ziren ikasleekin lanketa berezia egin da.

Euskaldunon Egunkariaren historia jasotzen duen Gaur irekiko ditu ateak dokumentalarekin abiatu zen ekimena azaroan. Abenduan Kalebegiaken txanda izan zen, Donostia 2016 hiriburutza kulturalaren harira sortutako eta Donostian grabatutako 12 film labur jasotzen dituen lana. Urtarrilak Egun handia dokumentala eskaini zigun eta otsaileko protagonista Pikadero filma izan zen. Jai Alai Blues dokumentalarekin euskal pilotaren urrezko aroan eta osteko gainbeheran murgiltzeko aukera izan genuen martxoan. Eta bihar, apirilak 6, azken dokumentalaren txanda izango da, Lucio, Nafarroako Cascante herriko semea den Lucio Urtubia anarkistaren istorioa hurbiltzen duen lana.

2016ko azarotik 2017ko apirilera bitartean, 700 euskara ikasletik gora hurbildu da Oihanederrera euskarazko zinemaz pantaila handian gozatzera.