Gazta zati bat, Gernika, Bertsolari, Gartxot eta Arriya filmeek osatzen dute Euskara Pantaila Handian ekimenaren 2. edizioaren eskaintza. Oihaneder Euskararen Etxeak eta Gasteizko euskaltegiek euskara ikasleei euskarazko zinema eskaintzeko elkarlanean antolatutako ekimena azaroan hasi eta apirilera bitartean burutuko da. Gaurkoan programatutako bigarren filma eskainiko da: Bertsolari.
Aurreko ikasturteko arrakastaren ondorioz, 700 ikasletik gora hartu zuen parte, Euskara Pantaila Handian ekimena bueltan da. Jarduera honen bitartez, Oihaneder Euskararen Etxeak eta AEK, Bai & By, Hegoalde, Udaberria eta IKA euskaltegiek euskarazko pelikulak ikusteko aukera luzatu nahi diete Gasteizko euskara ikasleei.
Iaz bezala hilean behin pelikula bat eskainiko da. Azaroaren 14an eman zitzaion hasiera zikloari autodeterminazioaren eskubidea jorratzen duen Gazta zati bat dokumentalarekin.
Gaur, abenduak 13, Bertsolari filmaren txanda izango da, Bertso Txapelketa Nagusiaren finalaren atarian. 2018an Gernika, Gartxot eta Arriya emango dira. Apirilean zikloa itxiko duen filma guztiz zehaztu gabe dago oraindik; baina Handia edo Errementari izatea da aurreikuspena.
Proiektatuko diren pelikula gehienak euskaraz ekoitzitakoak dira eta bada euskarara bikoiztutakoa ere. Aurreko urteko dinamikari jarraiki, euskaltegiek pelikula bakoitzaren unitate didaktikoa prestatuko dute proiekzioa baino egun batzuk lehenago ikasleekin lanketa berezia egiteko.