Etorkizunera begirako proiektu bat

2016-04-06 / oihaneder

Kulturklik leihoa Oihaneder Euskararen Etxearen inguruan solasean egon da Iñaki Lazkano Oihanederreko kultur teknikariarekin. Hona hemen egindako elkarrizketaren zati bat.

Elkarrizketa osoa: hemen.

Aisialdia, kultura, euskara eta Gasteiz… Oihanederri zentzua ematen dioten lau osagai? Nolakoa da nahasketa?
Erakargarria eta kalitatezkoa izan dadin saiatzen gara. Urtebete daramagu gune kultural honetan programatzen eta lau osagai horiek ondo uztartzen saiatu gara: euskaraz eskaini ditugu aisialdiarekin zerikusia duten jarduera kulturalak gure hirian, Gasteizen. Ezinbestekoa da, euskararen normalizazioan aurrerapausoak egingo baditugu, Gasteizko aisialdirako eskaintza kulturala zabala, erakargarria, kalitatezkoa, anitza eta ugaria izatea. Horretan tematuko gara.

Zer leku hartzen du Oihaneder Euskararen Etxeak Gasteizko Kafe Antzokia proiektuaren barruan?
Tira, denbora dezente daramagu esaten Oihaneder egitasmo zabalago baten lehen hanka dela. Uste dugu Gasteizko euskaldunok kulturaz gozatzeko gune euskaldun bat behar dugula, eta uste dugu kultura sortzeko eta kulturaz zein hizkuntzaz hausnartzeko gune bat behar dugula; Kafe Antzokia eta Euskararen Etxea dira, hurrenez hurren, funtzio horiek beteko dituzten guneak.

Nola egituratzen da gizarte-eragileen eta erakunde publikoen, zehazki Udalaren, arteko lankidetza? Ba al du inolako harremanik gure herrian dauden antzeko beste proiektuekin?
Proiektu bakoitza bere momentuaren eta egoeren kume da. Gasteizko Udalean 2008-09. urteetan euskara ardatz izango zuen azpiegitura kultural bat martxan jartzea onartu zen, aho batez onartu ere, alderdi guztien oniritziarekin. Ibilbide interesgarri bat egin eta gero, egitasmoa lozorroan geratu zen, harik eta 2012an Gasteizko Kafe Antzokiaren Aldeko Plataforma sortu genuen arte. Ordutik Plataforman, eta ondoren bertan sortutako Lazarraga Kultur Elkartean, lan eskerga egin da Udalbatzari eta Gasteizko jendarteari proiektu txukun bat aurkezteko asmotan. 2014ko udan akordio batera iristen gara eta erabakitzen da proiektuaren lehen atalari ekitea, Oihaneder Euskararen Etxeari, 2014ko udazkenean irekiko dela onartzen da. Hasieratik erabakitzen da gizarte-eragileek proposatuko dituztela egin beharreko jardunak eta erakundeek, kasu honetan Gasteizko Udalak, lekua eta diru laguntzak eskura jarriko dituztela. Horrez gain, Udalaren Euskara Zerbitzua bete-betean sartzen da proiektuaren kudeaketa partekatua eraman asmoz. Urte eta erdik askorako ematen du; gora-behera ugari izan dira. Tartean baita udal agintarien aldaketa ere. Aurreko udal agintariekin sinatutako akordioa ez da guztiz garatu, eta horrek kezkatu egiten gaitu. Proposamen berriak jaso ditugu, eta orain udalaren Kultura sailarekin ari gara lanean. Gauza asko daude egiteke, beste hainbat hobetzeko, baina nik uste denborak aurrera egin ahala joango garela erpinak borobiltzen. Euskal Herrian ditugun beste azpiegitura kultural euskaltzaleak, gehienak herri ekimenetik sortuak, finantziatuak eta garatuak izan dira (Bilboko eta Durangoko Kafe Antzokiak, kasu). Gurea eredu mistoa da, hibridoa. Erakundeak gurekin lan egitera gonbidatu behar ditugu. Elkarlana inoiz baino beharrezkoagoa da, eta erakundeek badute erantzukizunik arlo honetan ere. Azpeitiko San Agustin Kulturunea izango litzateke elkarlan horren adibideetako bat. Eredu hauetan sakondu behar dugu. Baina udaletan, edo aldundietan edo Eusko Jaurlaritzan lortzen diren akordioek oniritzi zabala izan behar dute, alderdi gehienekin lortutakoak. Ezin dira behin-behinekoak izan eta gobernu-aldaketa batek atzera botatzeko modukoak. Iraun egin behar dute.

Zein ari da izaten herritarren erantzuna?
Oso pozik gaude urte luze honetan izan dugun erantzunarekin. Bi motatako erantzunak aztertu beharko lirateke: publikoarena, ohikoa; eta Gasteizko talde eta norbanako euskaltzaleena. Lehenengoa nagusiki hartzaile gisa eta bigarrena elkarlanerako eragile moduan. Lehenengoari begira, esan beharra dago jardun eta ekitaldi arrakastatsu ugari izan ditugula Oihaneder Euskararen Etxean. 10.000 erabiltzailetik gora izan ditugu lehen urte honetan. Horrez gain, elkarlan ugari garatu ditugu Gasteizko talde euskaltzaleekin, eta hainbat izan dira jaso ditugun proposamenak; bai norbanako ezberdinen aldetik, bai eragile kulturalen partetik ere.

Ba al dago denboran aurrera begiratu eta Oihaneder hamar urte barru nolakoa izango den irudikatzerik?
Jakina! Amestea libre da, eta guk hasieratik amestu genuen Gasteizek Kafe Antzoki bat izango zuela. Euskal Herrian egun martxan dauden proiektu ezberdinak aztertu genituen, bakoitzetik onena hartzen saiatu eta gure egitasmoa garatu genuen. Oraindik ere osatzeke eta hobetzeke dago, baina hamar urte barru nahiko genuke Gasteizko Kafe Antzokia eta Oihaneder Euskararen Etxea euskararen eta kulturaren mundu txiki eta anitzean erreferente bat izatea. Besteen osagarri eta lankide. Nahiko genuke, halaber, Gasteizko biztanleentzat euskal kulturaren leiho izan, eta Gasteizko euskaltzaleentzat topagune, lantegi eta sortegi. Gasteiz gero eta euskaldunagoan euskararen erabilera eta euskaltzaletasuna areagotuko duen arnasgunea izan nahiko genuke.