Eskilarapeko Soinuak formatu txikiko kontzertuen zikloaren ikasturte berria irailaren 27an abiatuko da. Laugarren ikasturte honetan, eskilarapeko atrioa utzi eta kontzertuak Falerina Tabernan izango dira, hileko azken ostegunetan, arratsaldeko 19:30ean. Irailetik ekainera bitartean 10 kontzertu eskainiko dira, Pettirekin hasita, irailaren 27an.
Eskilarapeko Soinuak zikloaren 4. ikasturteko udazkena inoizko eskaintza potenteenarekin datorkigu. Irailaren 27an Petti musikariak emango dio hasiera ikasturte berriari, 2015eko apirilean egin bezala, zikloaren lehen kontzertua eskainiz. Saio honetan berriz ere bere ahots sakonaz eta urratuaz gozatzeko aukera izango dugu.
Urriaren 25ean Maider Zabalegiren txanda izango da. Orain dela 20 urte Alaitz Telletxearekin izandako bidaia arrakastatsuaren ostean, 2017. urtean bere lehen bakarkako lana kaleratu zuen. Azaroan Sara Zozaya igoko da oholtzara. Nerabe taldearen abeslariak bere bakarkako proeiktua aurkeztuko du. Urteari amaiera emateko, abenduko saioan ibilbide luzeko musikari bat izango da protagonista: Txuma Murugarren.
Urtarriletik ekainera bitartean artista eta proposamen gehiagoren txanda izango da. Ikasturte honetan Falerina Taberna laguntzaile arituko da eta bertan egingo dira saio guztiak. Ziklo honek ibilbide luzeko zein hasi berri diren musikarien eskaintzaz gozatzeko aukera ematen du.