Erdialdeko Amerikako lenkera: Hilda? Lotan? Berpizteko zorian?

2017-03-08 / oihaneder

irudi-nagusiaHitz Adina Mintzo hizkuntza gutxituen zikloak Erdialdeko Amerikako lenkera hizkuntza hurbilduko digu martxoaren 15ean. Lenkeraren berreskuratze lanetan diharduen  Alan King hizkuntzalari euskaldunak, euskalaria ere badena, aurkeztuko du hizkuntza. Asiako hego-ekialdeko hokkienerak itxiko du 16/17 ikasturtea apirilean.

Lenkeraren egoera berezia da, izan ere, egun hiztunik ez duela esan daiteke. Lenka talde etnikoek bizirik diraute El Salvador eta Hondurasen, baina hizkuntza duela hiru hamarkada desagertu omen zen. Hizkuntzak hil ondoren, ordea, badaude hizkuntzak berpizteko ahaleginak egiten dituztenak. Hori gertatu zen, esaterako, kornubierarekin. Hitz Adina Mintzok momentuan abiatzen ari den lenkeraren berpizte prozesua hurbilduko digu.

alankingAlan King (Lancashire, Ingalaterra, 1954) hizkuntzalari, itzultzaile eta euskalari euskaldunak aurkeztuko du hizkuntza martxoaren 15ean 19:00etan.  Londreseko Unibertsitatean euskararen inguruan egindako tesiarengatik linguistikan doktorea da King. Kalifornian hainbat urte eman zituen Euskal Herrira etorri aurretik. Ordutik bertan bizi da, eta tarteka Katalunia, Gales eta El Salvadorren ere bizitzen egon da. Azken honetan nawat hizkuntzaren berreskuratzearen aldeko mugimenduan egin zuen lan eta, hain zuzen ere, hizkuntza hori aurkeztu zuen Hitz Adina Mintzon 2015ean. Hizkuntzen zale amorratua da, batez ere hizkuntza gutxituena, eta ikerkuntza itzultzaile lanarekin uztartzen du. Azkenaldian lenkera hizkuntza berreraikitzen eta berpizten dihardu.

Hitzaldia euskaraz izango da eta lenkeraren marko teorikoa eskaintzeaz gain, hizkuntzaren oinarrizko kontzeptuak ikasteko tailerra egingo da.

Apirilean Asiako hego-ekialdeko hokkienera hizkuntzak itxiko du Hitz Adina Mintzoko 16/17 ikasturtea. Sim Tze Wei hizkuntza ekintzaileak aurkeztuko du hizkuntza.

Hitz Adina Mintzok munduko errealitate soziolinguistikoaren perspektiba zabaldu eta aberastea du helburu. Zikloaren lehen ikasturtean, 2015/2016, galiziera, nawatera, galesera, asturiera, tamazightera, gaskoiera eta kurduera hizkuntzak aurkeztu ziren. 16/17 ikasturtean  Ameriketako quichuera, kaqchikelera eta maya yucateko hizkuntzak, katalana, aragoiera, guernseyera eta Irlandako gaelera landu dira (ikusi zikloaren bloga).