Abuztua eta irailean umorez beteko da berriz ere Falerina lorategiko eskenatokia: seigarren urtez hemen dira Irri-Barra gauak euskarazko umore antzerki eta bakarrizketak.
Aurten hiru emakume izango dira oholtza gainera igoko direnak. Abuztuaren 26an, lehena, Esti Curiel aktore zumaiarra, berak sortutako 35 huts antzezlana aurkeztuz: familia, denbora, amatasuna edo heriotza bezalako gai sakonak, umoretik eramanda. Aitziber Garmendia eta Miren Gojenolaren laguntza izan du horretarako, baina Curiel izango da oholtza gainean pertsonaia guztiak antzeztuko dituena.
Irailaren 16an, berriz, Josune Velez de Mendizabal eta Ane Gebara gasteiztarren txanda izango da. Ane Gebara eta Josune Vélez de Mendizabal arte eszenikoen arloan diharduten bi izen dira euren abizenekin, emakumeak, sutsuak, arte eszenikoen sortzaileak. Norberak bere bide profesionalari ekin zion duela lau bat urte. Batak, Anek, ipuin-kontalari gisa ahozkotasunetik egin zuen; besteak, Josunek, antzerkigintza gorpuztetik. Bidean Metrokoadroka Kolektiboarekin topo egin eta Tranpola antzerki taldearekin batera Txilin hotsak antzerki laburra sortu dute. Bi taldeen elkarlanaren fruitu da, hortaz, umorez betetako lan performatibo hau.
Bi antzezlanak iluntzeko 20:00etan hasiko dira. Baina bigarrenaren kasuan, bi saio egingo dira: lehenengoa, 20:00etan eta bigarrena, 20:45ean.
Ikuskizunak doakoak izango dira, baina gonbidapena astebete lehenago eskuratu beharko da ohiko moduetan: Bibe plataforman, oihaneder@oihaneder.eus helbidera idatzita edo telefonoz eskatuta (615.986.832), 10:00etatik 12:00etara.