Gaztetxoen artean euskarazko kantuak sustatzea helburu duen ikuskizunean 172 ikaslek hartuko dute parte; azaroaren 27an grabatuko dituzte saioak.
Udazkenarekin batera, haur eta gazteentzako egitasmo berria jarri dute martxan elkarlanean Oihaneder Euskararen Etxeak, Geu elkarteak, Arabako Aleak eta Gasteizko Udalak, Vital fundazioaren babesarekin: Kantari Gasteiz karaoke ikuskizuna.
Gaztetxoen artean euskarazko kantuak sustatzeko ikuskizuna da. Helburua da neska-mutikoek euskal kantuak abesten eta dantzatzen ondo pasatzea; ez du inolako lehiaketa kutsurik eta, hortaz, ez da irabazle eta galtzailerik izango. Parte hartzea eta ondo pasatzea da garrantzitsuena.
Lehen edizio honetan Gasteizko eta inguruko herrietako 7 eta 11 urte bitarteko 172 gaztetxok hartuko dute parte. Hiriburuko zazpi ikastetxetako neska-mutikoak dira: hain justu ere, Lakuabizkarra, Adurtza, Arantzabela, Odon de Apraiz, Ikasbidea, Barrutia eta Toki Eder.
Partaideak hiru eta bost lagun bitarteko taldeetan daude banatuta; denera, zortzi karaoke saio grabatuko dira. Dagoeneko mezua jaso dute guztiek zozketa bitartez talde bakoitzari tokatu zaion kantuarekin. Askotariko abestiak dira, hala nola, Alaitz eta Maiderren Amets bat, Tapia eta Leturiaren Astotxo bat baneuko, Gatiburen Bang Bang Txiki Txiki, En Tol Sarmientoren Beldurrik ez, Esne Beltzaren Euskaraz bizi nahi dut, Ken 7 taldearen Itsasoa gara, Betagarriren Bidea gara, Kortaturen Sarri Sarri edo Pirritx eta Porrotxen Eskuetan.
Abesti bakoitzaren izenarekin batera, ikuskizuna prestatu ahal izateko materiala jaso dute haurrek: hain zuzen, kantuaren audioa, ikasi behar dituzten letrak eta baita koreografia behar bezala egin ahal izateko bideoak ere.
Kantua ondo ikasita
Egunotan buru-belarri dabiltza guztiak abestia prestatzen; izan ere, astebete baino ez zaie geratzen entsegu egunerako. Dendaraban dagoen Vital Kutxa Fundazioaren aretoan egingo dira entseguak, azaroaren 19 eta 20ko asteburuan. Kantariko aurkezle Amaia Txintxurretak jakinarazi du parte-hartzaile bakoitzari emailez jakinarazi zaiola bere entseguaren ordua, eta gogorarazi du saio horretarako ondo ikasita ekarri beharko dutela tokatu zaien kantuaren letra eta koreografia. Horrekin lotuta honakoa gaineratu du: “Entseguaren helburua da gaztetxoak lasaiago egotea grabazio egunerako, agertoki gainean entseatuko dutelako. Baina etxean aurretik ikasitakoa errepasatzeko entsegua izango da. Grabazio egunean, gainera, kantuaren karaokea bakarrik entzungo dute eta eurek abestu beharko dute; beraz, hori entseatzeko da”.
Azaroaren 27an, igandean, izango da egun handia, Oihaneder Euskararen Etxean. Egun horretan karaokearen zortzi saioak grabatuko dituzte goizez eta arratsaldez; hitzordu honen gaineko informazioa ere mezu bidez jasoko dute familiek.
Lau gonbidapen
Parte-hartzaileak ur-biltegiko (Eskola kalea) atetik sartu beharko dira egun horretan. Horrekin lotuta, Txintxurretak gogorarazi du ikuskizuna ikustera eta parte-hartzaileak animatzera joateko, entseguen egunean banatutako gonbidapena beharko dela; doakoa izango da eta parte-hartzaile bakoitzari lau sarrera banatuko zaizkio entsegu egunean, grabazioan bere guraso, familiarteko edo lagunek erabil dezaten. Kantariko aurkezleak adierazi du gonbidapenek foroa kontrolatzea dutela helburu, eta soberan gelditzen direnak, Oihanederreko sarreran eskuratu ahalko direla grabazio egunean bertan, saio bakoitza hasi baino lehen.
Gonbidatuak grabazioaren hasiera ordurako sartuko dira Euskararen Etxeko eraikinaren sarrera orokorretik (Fray Zacarias Martinez kalea 2). Autoz etorriz gero, gomendatzen dute autoak Artium edo Juan de Aiala parkinetan uztea, alde zaharrean ezin delako aparkatu.
Azkenik, Txintxurretak azpimarratu du grabatutako saio guztiak ikusgai jarriko direla helbide honetan: alea.eus/kantari.
Kantari ikuskizuna bost urtez egin izan da aurretik Debagoienean, eta neska-mutikoen artean oso harrera ona du. Orain, esan bezala, Gasteizera egin du salto.
Informazio gehiago: hemen