Trantsizioak erakusketa: ARGIAren begirada lau hamarkadatako eraldaketei (1976-2016). Erakusketan, ARGIAko argazki artxibo historikoan gordetzen diren milaka argazkien aukeraketa egin da, azken 40 urtetan izandako eraldaketa sozial, ekonomiko eta politikoak islatu asmoz. Azaroaren 3tik 24ra ikusgai izango da Oihaneder Euskararen Etxeko 2. klaustroan. Oihanederrek, ARGIAk eta ALEAk elkarlanean, erakusketa osatzeko hainbat ekitaldi antolatu dituzte azaroan zehar.
ARGIAren argazki artxibo historikoak 1976tik aurrera eta 80ko hamarkadan zehar eztanda egin zuten hainbat gaien inguruko altxor grafikoak gordetzen ditu, esaterako euskalgintzari dagozkionak. Horietako zenbait argitaragabeak dira gainera. ARGIAk horien hautaketa bat egin du eta Oihaneder Euskararen Etxean azaroan paratuko den Trantsizioak erakusketaren bidez ezagutaraziko dira.
Euskararen aldeko kanpainak, ikastolen mugimendukoak, nuklearren kontrako borroka, Franco hil osteko errepresioa, intsumituen ekintzak… Erakusketa honetako irudietan “trantsizioek” eta eraldaketa anitzek utzitako arrastoak daude ikusgai, protagonista izan zirenen esanekin eta ARGIA astekarian argitaraturiko edukiekin osatuta.
Horrez gain, ARGIAren ale zahar eta historikoak eskura egongo dira erakusketan, beste hainbat informaziorekin batera.
Bisita gidatua luxuzko lekukoekin
Erakusketan islatutako gertaerek Euskal Herrian ez ezik Gasteizen ere izan zuten eragina hobekiago ulertze aldera, bisita gidatua antolatu da azaroaren 3an 19:00etan luxuzko lekukoekin.
Bertan izango dira, Bego Oleaga Erdoiza, Amelia Barquín eta Estitxu Villamor; Gasteizko langileen asanblearismoaz, etorkinen integrazioaren bilakaeraz eta bizi proiektu eta eredu alternatiboez hitz egingo dute hurrenez hurren, euren esperientziatik abiatuta.
Ekitaldi osagarriak azaroan zehar
ARGIAren komunikazio proiektua babestuko duen komunitatea sendotu aldera, herri eragileekin elkarlanean ari da ARGIA. Hala, Oihaneder Euskararen Etxearekin eta ALEArekin hainbat ekitaldi antolatu dira Trantsizioak erakusketan islatu nahi denaren bidetik:
Azaroaren 11n Oihaneder eta ALEAk hilero egiten dugun SolasALEAn elkarrizketa irekian parte hartuko du ARGIAk eta Jone Goirizelaia abokatu eta EH Bilduko legebiltzarkidea izango da gonbidatua.
Azaroaren 16an Garoña gai hartuta solasaldia izango da Aitor Urrestirekin (EHUko irakaslea) eta Patxi Alañarekin (Garoñaren kontrako foroa). ARGIAko Unai Break aurkeztu eta gidatuko du saioa.
Azaroaren 22an desobedientziari buruzko bideo-foruma izango da. Ziztadak dokumentalaren ondoren Zigor Olabarria (Lurralde Askea) eta Saioa Iraola (Bilgune Feminista) ariko dira.
Saio guztiak arratsaldeko 19:00etan izango dira.