Alarma egoerari eta derrigorrezko itxialdi honi zirrikitu bat topatu nahian, Oihaneder Euskararen Etxeak irudimenarekin bidaiatzeko “Alegiazko bidaien kontakizun-lehiaketa” antolatu du Aste Santutan. Epaimahaiak dagoeneko aukeratu ditu 4 irabazle lehiaketan parte hartu duten 12 lagunen artean. Iban Ruiz de Gauna izan da lehiaketako irabazlea Mugaren bestaldea izeneko kontakizunagatik. Bigarren saria, Estibaliz Agirrek jaso du Van Gogh-en koadernoa lanagatik, eta hirugarren sariari dagokionez, ex aequo Ane Gebararen Zeri begira dago eta Itziar Uriarteren Metroan kontakizunentzat izango da. Lanak Oihanederren webgunean irakurgai egongo dira.
Oihaneder Euskararen Etxeak Aste Santu berezi honetarako lehiaketa-proposamena egin du bidaiak eta idaztea gogoko duen ororentzat: etxetik ezin irtengo garenez, irudimenarekin bidaiatzeko kontakizun lehiaketa, hain zuzen. Behin epea amaituta, 12 izan dira aurkeztu diren lanak.
Antolatzaileak pozik agertu dira, izan ere, lehenengo aldiz eta sare sozialen bidez antolatutako lehiaketa izanda, 12 lan jaso izana pozgarria izan da. Eskerrak eman nahi dizkie Oihanederrek parte hartu duten guztiei.
Oso kontakizun ezberdinak izan dira jaso direnak: batzuk oso umoretsuak, beste batzuk barrura begirakoak. Izan dira, mendira joan direnak, itsasora, etxean barrena bidaiatu dutenak, metroan, ameslari, edota eraikin osoan pisuz pisu ibili direnak… Jatorriari dagokionean, gehienena Gasteizetik bertatik jaso dira, banakaren bat Gipuzkoatik.
Irabazleei dagokienean, epaimahaiak honako erabakia hartu du parte hartu duten lan guztien artean:
- 1. saria/ Iban Ruiz de Gauna izan da lehiaketako irabazlea Mugaren bestaldea izeneko kontakizunagatik.
- 2.saria/ Bigarren saria Estibaliz Agirrek jaso du Van Gogh-en koadernoa kontakizunagatik.
- 3. saria/ Hirugarren saria ex-aequo Ane Gebarak aurkeztutako Zeri begira dago eta Itziar Uriartek bidalitako Metroan lanentzat izango da.
Irabazleek 100€, 50€ eta 30€ko bonoak (hirugarren saridunentzat bono bana) izango dituzte zain Gasteizko ZULOA eta MARA-MARA liburu-dendetan gastatzeko.
Bestalde, azkenaldian sare sozialetan martxan jarri ditugun lehiaketekin jarraituz, etxealdiaren 6.asterako lehiaketa berri bat proposatzen dizue Oihaneder Euskararen Etxeak. Alde batetik, entretenitu zaitezten, eta bestetik, zuen ezagutza erakuts dezazuen. Apirilaren 23a Liburuaren Nazioarteko Eguna izaki, EUSKAL LITERATURA hartuko dugu aitzakia gisa lehiaketa antolatzeko: egunero liburu baten inguruko galdera bat, eta egunero aipatzen dugun idazlearen liburu berria oparituko dugu erantzun zuzenen artean zozketa eginez.