Gasteiztarrak arraun the world udako argazki lehiaketako argazki saridunekin antolatutako erakusketa abenduaren 17ra bitartean egongo da ikusgai Oihaneder Euskararen Etxeko ur-biltegira bideko arrapalan. Portugal, Brasil, Laos, Kanbodia, Tailandia eta Ekuadorreko irudiak dira.
Guztira 18 lan aurkeztu ziren lehiaketara, 450 argazki inguru, eta horietatik bost saritu dira. Anne Baskaran “Lusitaniar herrialdean zehar” izeneko argazki-sortarekin suertatu da irabazle eta Jokin Zurutuza “Ekuadorrek bizitza maite du” lanarekin. Imanol Berrio “Nere begiak Indotxinan” sortagatik izan da saritua, Diego Apellaniz “Haurren herriak” izenekoagatik, Laos eta Kanbodiako argazkiak, eta Iñaki Etaio Brasilen egindako argazkiengatik. Azken honek “Etxalde baten okupazioaren argazki-kronika” izenburua eman dio bere lanari.
Azaroko astearte guztietan eta abenduko lehenengoan argazkietan jasotako bidaien aurkezpen publikoak egingo dira. Aurkezpenak auzo desberdinetako mintzalagun tabernetan antolatu dira, epai-mahaia osatu duten Gasteizko euskalgintzako elkarte desberdinekin elkarlanean (GEU elkartea, Gasteizko mintzalaguna, Sarburu Kultur Elkartea, Lazarraga Kultur Elkartea eta Zabalganako Euskara Batzordea).
Hala Bedi irratian egindako elkarrizketa: hemen
Aurkezpenen egutegia:
- Azaroak 3, 20:00: “Lusitaniar herrialdean zehar” (Portugal). Oasis taberna (Olagibel 45, erdigunea) *GEU elkartearekin elkarlanean.
- Azaroak 10, 18:00: “Nere begiak Indotxinan” (Kanbodia-Tailandia. Koxka taberna (Salburua Bulebarra 3, Salburua) *Sarburu Kultur Elkartearekin elkarlanean.
- Azaroak 17, 19:00: “Ekuadorrek bizitza maite du” (Ekuador). Urbeltz taberna (Ozeano Barea 9, Zabalgana) *Zabalganako Euskara Batzordearekin elkarlanean.
- Azaroak 24, 20:00: “Haurren herriak” (Laos-Kanbodia). Hordago taberna (Fray Facarías Martinez 2, alde zaharra) *Lazarraga Kultur Elkartearekin elkarlanean.
- Abenduak 1, 20:30: “Etxalde baten okupazioaren argazki-kronika” (Brasil). Zurrupa taberna (Angulema 12, erdigunea) *Gasteizko Mintzalagunarekin elkarlanean.