Alaine Agirre idazlea abenduaren 13an Judimendiko liburutegian

2017-12-05 / Kultura gizarte etxeetan

Udalaren Liburutegi Sareak “Idazleekin solasean” izeneko programa du martxan, euskal idazleak liburutegietara ekarri eta irakurleengana hurbiltzeko, eta asmo horretan Karmele Jaio aritzen da dinamizatzaile lanetan. Urte bukaera gertu dugun honetan, urteko azken topaketan Alaine Agirre izango da protagonista, eta Erraietatik idazten duen idazlea izenburua jarri dio bere solasaldiari.

Azken bi liburuak aurkeztu berri ditu: Maren eta Libe (Erein, 2017), aurretik Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama (Elkar, 2017) argitaratua zuen, baita beste eleberri batuk, poema liburu bat, haur eta gazteentzako literatura… lan oparoa utzi digu “idaztera kondenatuta” dagoen idazle honek.

Bere idazlanak izango ditu mintzagai, nola idazten duen, nolako bidea egiten duen testuak sortzean, orain arteko bere ibilbide literarioa…

Solasaldia abenduaren 13ean (asteazkena) izango da, 19:00etan, Judimendi gizarte etxeko liburutegian. Sarrera librea.