Aitzina Folk jaialdia eta Oihaneder elkarlanean aurten ere

2021-12-01 / oihaneder

Ander Garcia Trio taldeak kontzertua eskainiko du abenduaren 11n, Oihaneder Euskararen Etxean, Aitzina Folk musika jaialdiaren baitan.

Ander Garciak, kontrabaxu-jotzaile, konpositore eta abeslari bilbotarrak, Jorge Castañeda piano-jotzailearekin eta Mikel Urretagoiena bateria-jotzailearekin batera, Amahiru (Errabal Jazz, 2019) bere laugarren lan diskografikoa aurkeztuko du.  

Hirukoteak euskal erritmoak interpretatzeko modu berriak erakusten ditu, euskal sustraiak jazz gaurkotuenera hurbilduz. Euskal musika eta dantzetan oinarritutako errepertorioa aurkezteaz gain, hiru musikariak estetika hori sonoritate modernora eramateko gai dira.

Folk musika zabaltzeko asmoa izateaz gain, ataxia telangiectasia izeneko gaixotasun arraroa ikertzeko lana babesteko jaio zen Aitzina Folk. Aurtengoa jaialdiaren zazpigarren urtea izango da eta, beste behin, Oihaneder Euskararen Etxearekin elkarlanean ibili da euskarazko proposamenak sustatzeko.

Kontzertua doakoa izango da, baina gonbidapenak eskuratzea beharrezkoa izango da Aitzina Folk jaialdiaren webgunearen bidez, abenduaren 1etik aurrera.