Euskara pantaila handian ekimenaren hirugarren edizioan 718 ikaslek parte hartu zuten. Guztira 6 saio programatu ziren Oihaneder Euskararen Etxean. Jarduera honen bitartez euskaltegietako ikasleei euskarazko zinemaz gozatzeko aukera eman nahi zaie.
Aurreko urteetan bezala, Euskara pantaila handian egitasmoa Oihanederrek Gasteizko euskaltegiekin (AEK, Hegoalde, Udaberria eta IKA) elkarlanean antolatu du. Jarduera honen xedea Gasteizko euskara ikasleei euskarazko pelikulak pantaila handian ikusteko aukera luzatzea da.
Sei saiotan Euskal Herrian ekoitzitako 5 film luze programatu ziren: Urte Berri on, amona! (Telmo Esnal, 2011), Igelak (Patxo Telleria, 2016), Handia (Jon Garaño & Aitor Arregi, 2017), Oreina (Koldo Almandoz, 2018) eta Errementari (Paul Urkijo, 2017) bi aldiz.
Ikusteaz gain, pelikulak klasean landu egin ziren, eta horretarako pelikulen unitate didaktikoak prestatu ziren. Hilabete bakoitzean euskaltegi batek hartu zuen unitatea egitearen eta gainontzeko euskaltegiekin elkarbanatzearen ardura. Horrela, proiekzioa baino egun batzuk lehenago filma ikustera joango ziren ikasleekin lanketa berezia egin zen.
2018ko azarotik 2019ko apirilera bitartean, 718 euskara ikasle hurbildu zen Oihanederrera.
Azarotik aurrera egitasmo honi jarraipena emango zaio eta laugarren edizioa martxan jarriko da.