Jada ia bi aste dira NORTASUNA+ erakusketa zabaldu zenetik. Euskal literatura eta buztingintza garaikidea elkarrizketan jartzen dituen erakusketatik 500 ikusle baino gehiago pasa dira. Urtarrilaren 28an Euskal Keramikagile Garaikideak (EKG) taldeak osatu duen erakusketaren irekiera ekitaldira ere jende ugari hurbildu zen, eta bertan Itziar Uriarte idazlea izan genuen. Erakusketaren espazio ezberdinetan performancearen, zeinu-hizkuntzaren eta ahotsaren bidezko interpretazioak egin zituen.
Ines Gonzalez de Zarate (Vitoria-Gasteiz, 1947); Txaro Marañon (Gasteiz, 1955), Ramon Berraondo (Iruña, 1955), Maite Salutregi Aramendi (Eibar, 1963), Loli Pinedo (Argantzu, 1951), Koro Martinez (Logroño, 1961) Jabier Berasategi (Vitoria-Gasteiz, 1967) eta Jone Urain Larrañaga (Mendaro, 1967) dira EKG elkartea sortzen dutenak eta erakusketan parte hartu duten artistak.
Aipatutako zeramikagile garaikideek euskal literaturaren testu, olerki eta abestiak izan dituzte beraien sormen lanari ekiteko abiapuntu. Besteak beste, Karmele Jaio, Itxaro Borda, Joseba Sarrionandia, ANARI, Jose Luis Otamendi, Uxue Alberdi, Bernat Etxepare, Goizalde Landabaso, Xabier Lete, Mikel Laboa, Tere Irastortza eta Bitoriano Gandiaga izan dituzte inspirazio iturri.
Erakusketaren inguruan euskal literaturan eta sorkuntzan oinarritutako jarduera anitz antolatu dira:
· Otsailak 17, 19:00: Etxepare, jalgi hadi batura XABIER AMURIZA
· Otsailak 20, 19:00: Euskal literaturaren historia sobrenatural bat IRATI JIMENEZ
· Otsailak 23, 19:00: Kantatu, maitatu eta zalantza ANARI eta IÑIGO ASTIZ
Azpimarratzekoa da Oihanederreko GARATU 2021 programako kide diren Laura Alfonso Madinabeitia, Enara Egileta, Oier Fernandez Carrasco, Sara Fernandez, Alaia Ruiz de Infante eta Sandra Salazar Nortasuna+ erakusketaren inguruko dokumental labur baten sorkuntzan ari direla.
Horretarako, kamararen bitartekaritzaren erakusketaren urrats guztiak jarraitzen ari dira; artisten tailerretan sartu, erakusketaren muntaketa grabatu, elkarrizketak burutu, jardueretako artisten jarraipena egin… Laburbilduz, buztingintza garaikideari eta EKG taldeari ikusgarritasuna eta memoria artxibo lan bat sortzen ari dira. Dokumental laburraren aurkezpena otsailaren 27, 13:00etan izango da NORTASUNA+ erakusketan bertan.
Erakusketa sakonean ezagutzeko bisita gidatuetan parte hartzeko aukera dago eta EKGko artistek gidatuko dituzte.
BISITA GIDATUAK
- Otsailak 12, 12:00
- Otsailak 24, 19:00
Bisita gidatu guztiak Oihanederreko klaustroan hasiko dira eta parte hartzeko gonbidapena eskatu behar da.
ERAKUSKETAREN ORDUTEGIA
- Asteartetik ostiralera: 18:00–20:00
- Larunbatetan: 12:00–14:00 / 18:00–20:00
- Igandeetan eta jai egunetan: 12:00–14:00