Hitz adina mintzo; munduko hizkuntza gutxituak Oihanederren plazan

2015-08-26 / oihaneder

Hitz adina mintzo Oihaneder Euskararen Etxeak Hizkuntza Gutxituak ezagutzeko antolatu duen zikloa da. Egitasmoak munduko errealitate soziolinguistikoaren perspektiba zabaltzea eta aberastea du helburu, euskarak mapa linguistiko horretan duen tokitik abiatuta. Horiek horrela, hilero hizkuntza gutxitu bat aurkeztuko da eta hizkuntzaren ezaugarriak, kokapena, egoera soziolinguistikoa eta berezitasunak hurbiltzeaz gain, hizkuntza horren hiztunekin ekintza desberdinak garatuko dira. Horrez gain, hizkuntzarekin lotutako ekitaldi kulturala (kontzertua, proiekzioa…) ere egongo da.

Abiapuntua

Hitzen zuhaitza_webMaiatzean ospatutako Udaberri jaia (Hizkuntza Gutxituen musika jaialdia) izan zen 2015/2016. ikasturtean zehar garatuko den zikloaren aurkezpen gutuna. 2016ko udaberrian ospatuko den II. Udaberri jaian 8 hizkuntza hurbilduko dizkigun I. zikloari amaiera eman eta hurrengo ikasturteko zikloa aurkeztuko da.

Aurten zikloa irailaren 23an abiatuko da Andoni Barreña (Durango, 1951) eta Séchu Sende (Padrón, 1972) idazle eta irakasleen eskutik. Bien artean munduko errealitate linguistikoaren berri emango digute modu hurbil, dinamiko eta umoretsuan.

Urritik aurrerako hizkuntza dantza

Urriaren 21ean galiziera aurkeztuko digu Isaac Xubín (A Coruña, 1978) irakasle eta idazleak Txerra Rodríguez soziolinguista eta hizkuntza aholkulariarekin batera. Hurrengo egunean, urriaren 22an Sés (Maria Xoxe Silvar) abeslari galiziarraren musikaz gozatzeko aukera izango dugu.

Azaroaren 18an berriz El Salvadorreko nahuat hizkuntzaren inguruan arituko zaigu Alan King (Lancashire, Ingalaterra, 1954) euskalari, itzultzaile eta hizkuntzalaria. Horrekin batera Tzunhejekat kolektiboko Paula López eta Werner Hernándezekin solasaldia egingo da. Azaroaren 19an aldiz El Tigre y el Venado dokumentala proiektatuko da eta Sergio Sibrián zuzendaria gurean izango da Skype bidez.

Aurrerago cymraeg (galesera), tamazigh-a (berberera), català (katalana)… eta beste hainbat hizkuntza hurbilduko dizkigu Hitz adina mintzok.

Zikloan hizkuntza zehatzen bat lantzeko interesa izatekotan bidali proposamena  oihaneder@oihanedereuskararenetxera.eus helbidera.