Oihaneder Euskararen Etxea

» Albisteak » Gazte sortegiak, gazte sorginkeriak

Gazte sortegiak, gazte sorginkeriak

Akelarre zoragarrian eman zaio ongietorria aurtengo udaberriari Ibernalon. Hamabi sorgin gaztek hartu zuten landetxea apirilaren hasieran, “Gazte sortegiak” sormen egonaldia bizitzeko. 

Bakoitzaren barruko artista txikia hauspotzeko lau sortzaile fin izan zituzten bidelagun. Lehen egunean Oihane Pereak bertso sortegia gidatu zuen. Jolasen bitartez errima eta inprobisazioa landu ziren, bertso-sorta ederrak sortuz. Zehar-lerro nagusiak emakumeak eta euskara izan ziren. Inprobisazioa lantzeak eta Oihaneren mimo eta gertutasunak gako izan ziren talde izaera indartzeko. Partaideetako askok ez zuten esperientziarik bertsotan eta hitzarekin jolastuz euren buruaz harritzeraino heldu ziren; lotsak poliki-poliki galduz mikroaren aurrean kantatzera ausartzeraino.

Jon Basagurenek landetxea musika estudio bihurtu zuen hurrengo egunean. Bakoitzaren gustu musikaletatik abiatuta hamaika musika estilo aztertu zituzten; horien jatorria ezagutuz eta hobetu ulertuz. Abesti desberdinen bertsioak egiteaz gain egonaldiko kanta ere sortu zuten: “Gazte sorginkeriak“. Sorkuntza prozesua osoa izan zen; melodia, instrumentuak, hitza eta borobiltzeko: grabazioa.

Jonen goxotasunak eta entzute aktiboak eguna berezi bihurtu zuten. Mendialdeko bertsozaleek “Mendialdeko bertso zortea” izeneko diska egun horretan oparitu izana, kasualitatea ote? Ala magia? Maeztuko Jaio Kantaktrizen ahotsa eta gitarrarekin kantu-afarian ibili ostean gazteek barnea dantzan hartu zuten ohea.

 Unai Lopez de Armentia antzerkilariaren zirimolan sartuta igaro zen hirugarren eguna.  Mugimenduan pasa zuten eguna, gorputz adierazpenarekin gozatuz. Arreta, entzumena, sentimenduak eta inprobisazioa lantzeko teknikak ikasi eta praktikan jarri zituzten koadro eta polaroid biziak sortuz. Unaik badu artea ingurukoak bere bizi-pozarekin sorgintzeko. Eguna amaitzeko Teleberriko kazetari bat hurbildu zen gaueko albistegietarako berria egitera. Emozio astindua izateaz gain, ordura arte bizitako emozioak plazaratzeko aukera polita izan zen. Ikusi hemen.

Maider Oleaga zuzendari eta gidoilariak itxi zuen egonaldia. Ikus-entzunezkoen mundu zabal eta anitza hurbildu zien gazteei. Aste guztian hainbeste erabilitako hitzari protagonismoa kendu eta irudia, soinua eta isiltasuna izan zituzten ardatz. Maiderren artista senak bideratuta aktore eta zuzendari lanetan ibili ziren zinea gertuagotik ezagutuz. Egonaldiko bizipenetan oinarritutako bi laburmetrai sortu zituzten gainera. Gaiak: beldurra eta elkartasuna.

Sortegiak bukatutakoan Kanpezura bisita ez zen falta izan. Eguraldia lagun izan ez eta bisita azkarra izan zen, baina probetxuzkoa. Ibernaloko txokoko sutondoaren beroak hartu zuen egonaldiko azken afaria.

Egonaldiak eskola forma hartuko du 2018-2019 ikasturtean. Izan ere urrian sormen eskola abiatuko da Oihaneder Euskararen Etxean. Eskolaz kanpoko ekintza bezala planteatuta, astean behineko saioetan antolatuko da. Maiatzean aurre-matrikulatzeko aukera egongo da.

Gazte Sortegiak sormen laborategia” egitasmoa Oihaneder Euskararen Etxea, GEU elkartea, Arabako Bertsozale Elkartea, Mintzola Ahozko Lantegia, Topagunea eta Arabagara elkarteen lankidetzaren emaitza da, eta lagun artean sormena bizitzea, gazte sortzaileen sarea elikatzea eta euskararen erabileran eta gaitasunean eragitea bilatzen du.

Egonaldia goxoa izan da, egunero gosaldutako Mendialdeko eztia bezain beste. Eskola egonaldiak utzitako zaporea indartzera etorriko da. Biak ala biak bizipen lagungarriak oso partaideen sormen-hegaldiak arintzeko; sasi guztien gainetik, hodei guztien azpitik eta ortzadar bikoitzen zeharkaldietatik.

Erantzun bat utzi

X